Bergarako Udalak asteazkenean, goizaldeko 04:00ak inguruan, suertatutako sua salatu nahi du. Era berean, kalteak izan dituzten herritarrei bere laguntza eskaintzen die eragindako kalteen erantzukizuna ahalik eta lasterren argitzeko eta aseguruen aurrean aurkeztu beharreko dokumentazioa osatzeko. Horretarako, Ertzaintza eta Udaltzaingoa elkarlanean ari dira gertatutakoa aztertzen, izan ere, ematen du nahita sortutako sute bat izan dela eta edukiontzi batetik hasi zela baina egindako azterketen emaitzak jaso ondoren ziurtasun osoz jakingo dute. Honela, ekintza argitzeko baliogarria izango da eta horren ondorioz behar diren neurriak hartuko dira.

Bestalde, Bergarako Udala eta Debagoieneko Mankomunitatea elkarlan estuan dabiltza aseguruen arteko harremana arintzeko eta behar den datu eta dokumentazio guztia osatzeko.

Gaueko sute horren ondorioz 8 autotan, 4 zuhaitzetan, kaleko zoladuretan eta etxebizitza bateko balkoian kalteak izan dira; asteazken goizeko lehengo orduetatik Bergarako Udalak garbiketa eta jasotze lanak hasi zituen eta datozen egunetan hasiko dira konponketa lanak, besteak beste, errepideko asfaltatzea, espaloiko harriak eta ertzak konpontzea, zuhaitzak kentzea eta errepidea margotzea izango dira egin beharreko lanak.