Bergarako Osasun Sarea osatu berri da eta sarearen nondik norakoak agertzeko, agerraldia egin zuten atzo Elena Lete Bergarako alkateak, Elena Albisua Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren zuzendariordeak eta Andoni Arzelai Debagoienako ESI.ko zuzendari gerenteak. Eusko Jaurlaritza tokiko sareen osaketak bultzatzen ari da herrietan eta Debagoienako ESI bailarara zuzendutako ekintzak eta elkarlana sustatzen ari da. Bergarako Udalak bi helburuekin guztiz bat egiten du eta horrela, urte hasieran ESI eta anbulatorioarekin hitzarmena sinatu genuen elkarlanerako bideak jorratzeko. Horrela, bizpahiru bilera egin ditugu nolako sarea osatu ikusteko eta lehen emaitza izan dugu, Bergarako eragileekin lehen bilera atzo bertan egin baitzen. Bileran parte hartu zuten eragileak honako hauek dira; ikastetxe guztiak, Jardun elkartea, Caritas, San Joxepe, Aspace, Martxanterak, Pol Pol taldea eta Bergara Kirol Elkartea.

"Hasiera izanik, sare txikia izatea pentsatu dugu, txikia baina adierazlea eta eraginkorra. Hala, lehen abiapuntu bezala, sarean lan egiteko abantailak agertu dira. Helburuak garbiak dira; eragileen arteko koordinazioa eta komunikazioa hobetu eta beharrezkoa ikusten bada, Bergarak alor honetan dituen beharrak aztertu. Azken finean, Bergarako dinamika eta funtzionamendua hobetu nahi dugu eta horretarako, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira. Tokiko osasun sareak ez du helburu zehatzik izango, hau da, ekintza zehatz batzuk antolatzea ez da helburua. Gazteleraz esaten den bezala, sin hoja de ruta hasiko da. Poliki-poliki sareak berak agertuko dizkigu herrian dauden gabeziak eta horiei aurre egiteko aukerak zeintzuk diren.Pauso garrantzitsua ematera goaz, eragile eta erakundeen arteko parte-hartze eta elkarlanarekin, Bergara osasuntsuago eta zoriontsuago bat egingo baitugu", esan zuen Lete Bergarak.

Osasuna eta sareen garrantzia

Albisuak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzako Osasun saila lanean ari da osasuna, herritarren artean eremu zabalagoan ulertzeko. "Osasuna gaixo egotea edo ez baina gehiago da. Faktore askok hartzen dute parte; non jaio den, non bizi den, lana duen edo ez, duen ingurua... gauza guzti hauek pertsonaren osasuna baldintzatzen dute. Horregatik, beharrezkoa da osasuna arlo komunitariotik lantzea. Hau da, erakundeak, osasun arloko profesionalak eta eragile eta herritarrak denak batera lan egitea".

Honela, sareak sortzea erabaki da eta sare hauen metodologia agertu u Arzelaik; "Osasuna ikuspegi komunitariotik jorratzeko gida metodologikoa da proposatzen den metodologia. Bertan osasunaren sustapenari lotutako zenbait eremu daude jasota, eta baita osasun-determintzaileen nahiz ekitate, parte-hartze eta lanaren ikuspegiari lotuak ere, osasunaren aldeko aktiboen metodologia ardatz hartuta. Osasunari lotuak ez diren esparruen protagonismoa sustatzea da asmoa, ezagutza zientifikoa oinarri duten metodologiak erabilita –analisia egin, lehenetsi, parte hartu eta ebaluatzea–, toki-mailan osasunerako dauden berezko baliabideak/aktiboak indartuz eta dinamizatuz".

Osasun arloko profesionalen zeregina bigarren lerro batean gera daiteke, komunitateko beste agente batzuen jarduerak laguntzea baita helburua. Hori dela-eta, laguntzarik egokiena informazioa sortu eta helaraztea izan daiteke: zergatik den garrantzitsua esku-hartze zehatz bat osasuna hobetzeko prozesuan, nortzuk izan daitezkeen onura jaso dezaketen pertsonak, jarduera komunitarioak diseinatu eta ebaluatzea (osasun-arloko desorekak bultzatu baino murriztea lortzeko), etab.