Azaroaren 25 Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna da eta gaur egungo gizartearen arazo larrienetakoa dela jakinda, Bergarako Udalak indarkeria matxistaren aurka lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du. Hala, besteak beste, eraso edo erailketa sexista gertatzen denerako udal erantzun prozedura prestatzen ari da Martxanterak! Talde feministarekin batera.


Azaroaren 25a Nazio Batuen Erakundeak 1999 urtean onartu zuen Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako eguna izatea. Egun hau aukeratu zen, 1960ko azaroaren 25ean bortizki eraildako Mirabal ahizpak oroitzeko (Patria, Minerva eta Maria Teresa). Hiru ahizpa hauek Dominikar errepublikako ekintzaile politikoak zirelako, Rafael Trujillo gobernari diktadorearen aginduz erailak izan ziren.

Hori horrela, Bergarako Udalak egun horrekin guztiz bat egiten du eta, Martxanterak! Taldearekin elkarlanean hainbat ekintza antolatu ditu. Izan ere, ezin dugu ahaztu, indarkeria mota hau dela emakume eta gizonen artean ematen den desberdintasun egoeraren adierazlerik nabarmenena, eta indarkeria matxistaren helburua dela desberdintasun egoera hori mantentzea. Emakumeen kontrako indarkeria ez dago kultura jakin bati lotuta, edo herrialde jakin batzuei lotuta, mundu mailan ematen den arazoa dugu honako hau, eta emakumeok emakume izateagatik pairatzen dugu. Hau horrela, Bergarako Udalak eta Martxanterak! Taldeak garrantzizkotzat jotzen dugu emakume eta gizonen arteko desberdintasunak murrizteko eta indarkeria matxistari aurre egiteko politika publikoak garatzea eta horretarako elkarlanean aritzea.


EGITARAUA

Azaroak 23a.  Indarkeria sinbolikoa. Frontoiak ere badira gureak!

Non: Zabalotegi aretoa

Noiz: 20:00

 

Dokumental eta film labur emanaldia:

Las Pelotaris (dokumentala)

Pilota Girls (film laburra)

Ondoren mahai ingurua:

Reyes Azkoitia (pilotaria) eta Izaro Izarbe (zestalaria)

Eztabaida gidatzen: Maite Aristegi (Martxanterak)


Azaroak 25.  Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna

19:00tan udaletxe aurrean kontzentrazioa

Akelarrea eta keimada antipatriarkala musikaz girotuta (Bedar Txarrak taldea)
Non: San Martin Agirre plaza
Noiz: 20:00tan

Abenduak 11a
Antzerkia: Koadernoa Zuri (Hika teatroa)
Non: Zabalotegi aretoa
Noiz: 19:00tan
Prezioa: Dohainik

Horrenbestez, Bergarako udalak eta Martxanterak! taldeak herritarrak gonbidatzen ditugu berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonal eta kolektiboak hartzera urteko egun guztietan, eta baita azaroaren 25a dela eta burutuko diren ekitaldietan parte hartzera ere.