Ia bi urtez abian egon ondoren, Udalak adinduentzako apartamentu tutelatu komunitarioaren balorazio positiboa egin du, eta pasatu den Udalbatzan etxebizitza erosteko erabakia onartu zuen.

Horrela, atzokoan Elena Lete alkatea eta Ana Isabel Maruri, Eusko Jaurlaritzako Gipuzkoako Etxebizitza lurralde ordezkaria izan ziren etxebizitzaren erosketarako administrazio-izapideak egiten.

Eskusarte 2 zenbakian kokatutako etxebizitza da, hain zuzen, Udalak erosi berri duena. Etxebizitza eta berari atxikita dauden trastetegia eta garajea erosi dizkio Udalak 66.127,57 eurotan Eusko Jaurlaritzari, erosteko aukera ematen zion alokairu-kontratuan finkatzen zen salmenta-prezio legalari –84.035,20 euro– ordaindutako alokairuaren %66aren murrizketa –17.907,63 euro– aplikatuta.

Udal Gobernuak nagusienganako duen konpromisoa azpimarratuz

Eusko Legebiltzarrak onartutako abenduaren 5eko 12/2008 Legea –Gizarte Zerbitzuei buruzkoa– betetzen hasteko lehen urratsa da honako hau. Lege honen arabera Euskal Herriko administrazioek 8 urteko epea dute Gizarte zerbitzuak zehazteko eta zerbitzu horien mapa osatzeko

12/2008 Legeak gizarte zerbitzuetara iristeko eskubide subjektiboa ezartzen zuen eta eskubide hori indarrean izango da 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera; nahiz eta oraindik ez izan derrigorrezkoa, Bergarako Udala aurreratu egin da eta eskubide hori bermatzeko eta gizarte zerbitzuen mapa garatzeko lehenengo pausoa eman du gaur, abenduaren 15ean. Horrela, gizartearekiko daukan konpromisoa erakutsi nahi izan du, eta konpromisoa nagusiengana bideratu da, Udalak ulertzen duelako hirugarren adinekoen beharrak oso garrantzitsuak direla eta hainbeste urte lan egin ondoren gizarteak hori bueltatzea merezi dutela.

Gizarteak hirugarren adinekoekin zorra duela ulertzen du udalak, eta horretarako egoitzak eta eguneko zentroa zituen orain artean; erosketa honekin laguntza behar dutenentzako etxebizitza amankomunatua eta tutelatua sendotzen da Bergaran, eta horri esker, eskualdeko gizarte mapan agertuko da.

Etxebizitza tutelatu komunitarioaren erosketa 2017an egitea aurreikusita bazegoen ere, erosketa urtebetez aurreratzea erabaki du udalak, duen konpromisoa berretsiz. Horrela, Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako Foru Aldundiaren bitartez emandako 72.125 euroekin 3. adinekoentzako etxe tutelatua erosi da.

“Udal Gobernu honek osatutako lehen aurrekontuetan, aurtengoetan, etxebizitza hori erosteko konpromisoa hartu genuen, eta koherentziaz eta arduraz dihardugun Udala garenez, gaur gauzatu dugu ofizialki erosketa hori” adierazi du Elena Lete Alkateak. Udal Gobernuaren konpromisoen artean Bergarako nagusien ardura eta zaintza dago; sinadura honen bitartez,  "zerbitzuen karta eta mapa osatzeko lehen urratsak ematen ari gara. Bergarako gure nagusiekin dugun konpromisoa eta betebeharra da” dio.

2016. urtean, lau erabiltzaile egon dira. Momentu honetan hiru erabiltzaile daude eta, beraz, beste hiru adinekorentzat lekua dago.

“Mendekotasunik ez baina jarraipen edo laguntza behar duten pertsonentzako etxea da”, azpimarratu du. Bertan bizi direnen eguneroko errutinaren jarraipena eskaintzen da. Etxe tutelatuetan egoitzara joateko perfila betetzen ez dutenek dute tokia: “Egoitzara sartu aurreko pausoa izan daiteke horrelako etxeetara bizitzera etortzea. Laguntza behar dute egunerokorako, baina beren kabuz bizitzeko adina badirenentzako pentsatutako zerbitzua da”, adierazi du Ander Alberdik Gizarte Ongizateko zinegotziak.

Erabilera anitzeko etxebizitza

Gaixotasun larririk ez duten eta beren kabuz baliatu daitezkeen Bergaran erroldatutako adinekoei zuzendurik dago, ohiko etxebizitzaren eta egoitzaren arteko baliabide gisa, pertsona nagusien bizi kalitatea hobetzeko eskaintza da.

Garbiketa-lanak, eguneroko otorduen prestaketa, arropa-garbiketa eta etxekoen gainbegiratze pertsonala bermatuta daude.