Hamaika urte pasa dira jada, Bergarako Udalak herriko ikastetxeekin batera, Eskolako Agenda 21 programa martxan jarri zutenetik. Gai ugari landu dituzte orain arte: ura, energia, hondakinak, kontsumo jasangarria, elikadura jasangarria… 2016-2017 ikasturtean gai berri bati heldu diote, biodibertsitatea.

Bergarako ikastetxeetako 2.600 ikasle inguru dira herriko biodibertsitatearen egoera aztertzen ari direnak. Eta ikastetxeak, bost: San Martin Agirre Herri Eskola, Aranzadi Ikastola, Mariaren Lagundia Ikastola, Ipintza institutua eta Miguel Altuna Lanbide Heziketako Ikastetxea.

Eskolako Agenda 21ak, hiru ardatz nagusi lantzen ditu: curriculuma, ikastetxearen kudeaketa eta partehartzea herrian. Egiten ari diren diagnostikoan,  lehenik, ikastetxea aztertzen hasi dira. Eta hainbat ekintzen artean, galdetegiak betetzen ari dira: lantzen al da biodibertsitate gaia eskolako ikasgai ezberdinetan? Planteatzen dira gure ikasgaietan biodibertsitatea zaintzeak duen garrantzia? Ezagutzen al dugu herrian duguna? Ba al dago berdegunerik gure ikastetxean? Zer egin dezakegu herriko biodibertsitatea babestu eta  handitzeko?

Ikastetxeetan konturatu dira biodibertsitatearekin lotutako gaiak batez ere natur eta biologiako arloetan lantzen direla. Baina gehienetan, modu teorikoan lantzen dela konturatu dira eta jasangarritasun ikuspuntua ez dela kontuan hartzen. Beraz, badago zer aldatu!

Eskolako diagnostikoa amaitu ondoren, herriko txoko desberdinetara aterako dira hainbat alderdi zuzenean ezagutzera. Herriko parkeak, berdeguneak, zuhaitzak, animaliak, basoa, ibaia… horiek guztiak izango dira aztergai. Bergaran dugun aberastasunaz ohartzeaz gain, horren alde egiteko proposamenak egingo dituzte.

Diagnostiko guztiak amaitzean, eskolako ekintza plana diseinatu eta ikasturte amaieran burutzen den Udalbatza prestatzen hasiko dira. Ordun ezagutuko ditugu ateratako ondorio guztiak.