Bedelkar elkarteak eta Bergarako Udalak, lankidetzan, Bergara Bizi ekimen berri bat antolatu dugu; STREET STYLE GAUA. Maiatzak 6an, larunbata  egingo da Santa Ana parkean, 18:00etatik 23:00etara. STREET STYLE GAUA azoka egiteko beste modu bat da. Lehenbizikoz egingo dugun azoka izateaz gain, estilo urbanoa eta modernoa nabarmentzen dira. Gaur egun modan bihurtu den produktu eta material berrerabilgarriekin osatutako azoka izango baita.

“Bedelkar eta Udalak elkarlanean ahalik eta azoka erakargarriena osatzen saiatu gara, eta ustez, egingo dugu. Herriko merkataritza txikia babestu eta laguntzea Udalaren asmo nagusienetakoa da. Krisi ekonomikoa gehien sufritu duen arloa izanik, herritarrek herrian erosi eta kontsumitzeko ohitura sustatzeko horrelako ekimenak beharrezkoak ditugu. Horregatik, bergararrak maiatzak 6an izango den azokan parte hartzera animatu nahi ditugu”, agertu du Kultura, Jaiak eta Ondare saileko batzordeburu den Maite Agirrek.

Honela, hauek izango dira azokaren ezaugarriak;

-         Salmenta: Herriko saltokiek hartuko dute parte. Guztira, 15 komertziok eman dute izena (Zapateria Maka, Mirari, A.J, Annika, Xamartin, Igaro, Zubikua, Optica Manso, Lombide, Giartzu, Amua, Joka, Anezka eta Urbieta) eta bakoitzak bere postua izango du Santa Ana Parkean.

-         Kontzertua: musikarako gune bat egokituko eta herriko taldeekin osatutako programazioa izango da.

-         Taberna: beste gune batean taberna jarriko da, musika eta arropa postuekin batera, aisialdirako beste eskaintza bat emateko asmoz.

-         Lehiaketa: aurrez zabalduko den izen-ematean animatzen diren herritarrek parte hartu ahal izango dute. 18 urtetik gorakoak izan beharko dute eta hauen egitekoa erreza izango da; azokako postu bateko produktuak erabiliz, look urbanoa prestatu beharko dute. Partaide guztiak  praka bakeroak eta kamiseta zuria jantzita etorriko dira eta aurrez izendatutako postuko goiko arropak eta elementu osagarriak erabiliko dituzte.

Horretarako 30 minutu izango ditu, eta ezingo du saltokietako aholkurik jaso. Ondoren, eszenatokian jarriko da eta herritarrek erabakiko dute, bozka bidez, zein den look irabazlea.

Partaide irabazlearentzat, postuetan erosketak egiteko bonoak banatuko dira, botoa ematen duen herritar irabazlearentzat ere berdin.

Izen-ematea apirilaren 3an zabaldu da eta horretarako, 616 727 592 telefonora deitu edota whatsapp mezua bidali izen-abizenak, telefono zenbakia eta jaiotze data emanez.

“Lagun artean ondo pasatzeko ekintza izatea nahi dugu. Ez dago modelo izan beharrik, look onena izango baita saritua. Beraz, Bergarako gazteak eta ez hain gazteak, izena ematera gonbidatzen ditugu”, agertu du Bedelkar elkarteko lehendakariordea den Ainhoa Garitanok.