Errenta aitorpena euskaraz; euskarari bide berriak ireki eta administrazioa euskalduntzeko

Errenta aitorpena egiteko epea zabaldu da dagoeneko eta Bergarako Udalak euskaraz egitera animatu nahi ditu herritarrak. Azken urteetan gora egin du errenta aitorpena euskaraz egin duten herritarren kopuruak, baina oraindik ere datu hobetu daitekeela uste du Udalak.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren azken datuen arabera, 2015eko errenta aitorpena Bergarako bizilagunen %25ak euskaraz egin zuen. Aurtengoan ere, kopuru hau hazteko erronka hartuz, oraindik pausoa ematera animatu ez diren bergararrak erretan euskaraz egitera gonbidatzen ditu Udalak. Era horretan, euskarari bide berriak irekitzeaz gain, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen da.

Errenta aitorpena egiteko hiru modu daude eta guztietan erabili daiteke euskara:

1. Mekanizatua:

- Hitzordua hartzerakoan, adieraz ezazu Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula.

- Ogasunarekin aurrez aurreko harremanak edo telefono edo internet bidezkoak euskaraz izan ditzakezu, horrela eskatzen baduzu.

- Ogasunak sinatzeko ematen dizun orria ere euskaraz jaso dezakezu.

2. Autolikidazio-proposamena:

- Jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi duzula esan, eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.

3. Internet bidezkoa:

- Errenta-programa euskarazko bertsioan jaitsi internetetik, eta hobetsitako hizkuntzaren atalean euskara aukeratu.

- Aholkularitzaren bat aukeratzen baduzu, espresuki adierazi beharko duzu aitorpena euskaraz egin nahi duzula.

Gogoratu, ekainaren 26ra bitartean egin behar dela erretan aitorpena eta hitzordua eskatu, kontsultak egin edota argibidetarako, 902 100 040 telefono zenbakira deitu, Bergarako Ogasuneko bulegora joan edota www.gipuzkoa.net/ogasuna webgunera sartu behar da.