2018ko Martxoaren 8an, emakumeen lan-etenaldirako deialdiak izan zuen erantzunarekin Euskal gizarteak mezu argia jaso zuen. Elkarlan-sareak sustatu eta kaleak bete ziren. Emakumeek beren aukera berdintasuna erreklamatzeko abian jarritako borrokak atzera bueltarik ez zuela argi geratu zen.

Aurten, Euskal Herriko Mugimendu Feministak, eragile sindikal, politiko eta sozialekin batera, 24 orduko greba deia luzatu du. Greba bost ardatzetan antolatzen da: zaintza, enplegua, pentsionistak, ikasleak eta kontsumoa. Greba feminista, gure bizitzako esparru guztietan kokatzen da, soldatapeko zein doako lanetan. Horregatik, grebaren bitartez, Mugimendu feministak, ardura kolektibotik abiatuta, bizitza sostengatzeko itun sozial berri bat eskatzen dio euskal jendarteari, berdintasun erreala eta eraginkorra bermatuko duten politika publikoak garatu daitezen. Iaz bezala, aurten ere zaintza erdigunean kokatzen da, zaintzaren berrantolaketa soziala politika publikoen zeharkako ardatza izan behar dela aldarrikatuz.

2019rako ere indarrean jarraitzen dute emakumeen aldarrikapenek, “Bizitzak Erdigunera!” lelopean. Aurten ere, emakumeen bizitzak jasangarri, libre, anitz eta duinak izateko eskaerak kaleak hartuko ditu. Beharrezkoa da emakumeak bizi duen lan prekarietatea, pobrezia, arrazakeria, edo eta bazterkeriari aurre egitea.

Gizarte honen barnean emakumeengan eragiten duten zapalkuntza eta diskriminazio-sistema guztiak desagerrarazteko gure udaletik ere Martxoaren 8an ¨Emakumeok planto eginez eta Bizitzak erdigunera¨ lelopean lan egingo dugu.

Ordaindutako edo ordaindu gabeko lan guztiak bizitzaren sostengurako beharrezkoak direla jakinik, gizarte bezala, emakumeei egokitu zaien zaintzako lan guztiak eremu pribatutik ateratzera behartuta gaude. Honek esan nahi du etxeko lanen eta zaintzen ardura sozializatu egin behar dela, eta gizonek eta erakunde publikoek ardura zuzenak hartu beharko dituztela errealitate hau aldatzeko.

Denboraren erabilera, estrategikoa eta ezinbestekoa da berdintasun politikak eraginkorrak izan daitezen. Berdintasunari dagokionean, erreferentziazkoak diren Europako oinarrizko adierazleak kontu hartzen baditugu, denborari dagokion esparruari esku hartzeak, aldaketak eragiten ditu boterearen nagusitasunean, ezagutzan, diruan eta enpleguan.

Aurrekari hauek aintzat hartuta, Bergarako Udalak erabaki hauek hartzen ditu:

-Bergarako Udalak ardura hartzen du berdintasun erreala eta eraginkorra bermatuko duten politika publikoak burutzeko. Helburu horrekin onartu zuen Udalbatzak Bergarako Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako II. Plana, 2018ko azaroaren 26an. Planean jasota dagoenez, Udalak ekintza zehatzak gauzatuko ditu honako ardatz hauei jarraituz: Udal gobernantza hobetzea, emakumeen parte-hartze soziopolitikoa eta ekonomikoa bultzatzea, emakumeen autonomia eta beren boterea indartzea, jaiak eta kultua ez sexista zabaltzea, emakumeen Osasuna hobetu eta kirola bultzatzea, zaintza erantzukidearen aldeko pausuak ematea, eta Bergara indarkeria matxistarik gabeko herria izatea.

-Bergarako Udalak ardura hartzen du zaintza-lanak bere politika publikoen erdigunean jartzeko. Zaintza erantzukidearen aldeko neurrien artean aurkitzen dira, besteak beste, Planean jasota dauden hauek: bizitza pertsonala, lana eta familia uztartzeko baliabideak eskaintzea Udalak antolatutako ekintzetan; herriaren antolamendua diseinatzerakoan zaintza kontuan hartzea eta zaintza erantzukidearen aldeko sentsibilizazio kanpainak egitea.

-Bergarako Udalak, herritarrak animatu nahi ditu Emakumeen Nazioarteko Egunagatik Mugimendu feministak Martxoaren 8rako deitutako mobilizazioetan eta ekitaldi desberdinetan aktiboki parte hartzera.

Departamento: