Datozen urteetarako Bergara berria eraikitzeko plana osatu du Bergarako Gobernu taldeak. Herriko hainbat arlotako eragileen eta herritarren aurrean aurkeztu du Bergara izan, bizi, ekin plana otsailaren 11n Seminarixoan egindako ekitaldian. Epe ertainerako 18 helburu jasotzen ditu eta legealdi amaiera arteko hamaika proiektu. 

Elkarrekin eta elkarlanean eraiki nahi du Gobernuak Bergara bizia. “Jasangarritasunetik, feminismotik eta justizia sozialetik, elkarbizitza erraztuko duen Bergara atsegina”, Gorka Artola alkatearen hitzetan. 

Hegazkin taldeko Alain Karazok eta Josu Isaiasek hasiera musikatua eman zioten ekitaldiari. Taldeak jendaurrean jo duen lehenengo aldia izan zen atzokoa. Ibilbideari hasiera eman zioten, hortaz, atzokoan, planak bezala musikariek ere. Bestetik, ekitaldiak irauten zuen bitartean, Miren Fernandez eta Aare Castillak momentuan marraztutako irudiekin ilustratu zituzten bertan azaldutakoak.

Alkatearekin batera Gobernu taldeko zazpi zinegotzi: Ainhoa Lete, Aitor Arantzabal, Nagore Iñurrategi, Ekaitz Aranberri, Juan Luis Gonzalez, Juanjo Asula eta Itsasne Luarizaristi (Kristina Markinak ezin izan zuen ekitaldian egon) egon ziren. 

Ainhoa Letek gogorarazi zuen moduan, uneoro pertsonak erdigunean jarri dira bai planaren lanketan eta baita eguneroko jardunean ere. Eta proposamena herritar eta eragileekin partekatzearen garrantzia nabarmendu zuen “garrantzitsua da guretzat zuek guztiok gaur hemen egotea, gure jardunaren zentroa pertsonak baitira eta zuekin partekatu nahi dugu egiten dugun hori, lehenago ere esan dizuegun moduan”.

Nolako Bergara irudikatzen dugu hemendik urte batzuetara? Hori izan da lan hau egiteko abiapuntua. “Ikusi dugu etorkizuneko argazki hori geure buruetan eta horra heltzeko bidea marraztu dugu, plan hau”, azaldu du Artolak. 

Datozen urteetarako iparrorratza izango da Bergara izan, bizi, ekin.Gorka Artola alkatearen esanetan, plan ona osatu da, “badugu plan bat, badakigu nola lan egin nahi dugun, talde prestua dugu bai maila teknikoan, langileei esker eta maila politikoan ere”. 

Egungo osasun pandemiak agerian utzi du egoera berrietara moldatzeko beharra. Hori horrela, “malgua eta dinamikoa izango da plana. Behar berriak ere sor daitezke denborak aurrera egin ahala eta pertsonek unean unean dituzten beharrei erantzutea da Udal Gobernu honen nahia. Neurgarria ere izango da”, alkatearen hitzetan. Egoerarik errazena ez izanda ere, anbizioz jokatu du Udal Gobernuak planarekin. 

Aurrera begira jarri bai, baina iragana ahaztu gabe: “Izan garenaz harro eta izan nahi duguna argi”, esan du Gorka Artola alkateak. “Historia handiko herria da Bergara, uneoro bere burua egokitzen jakin duena. Izan nahi duguna ere argi dugu. Bergaran bizi nahi dugu. Elkarrekin, elkarlanean eraikiko dugun Bergara bizian. Pertsona guztiak aintzat hartuko dituen herrian, koloredun herrian. Eta ekin egingo diogu lan horri, beste eragile eta erakundeekin elkarlanean lan egingo dugu, herritarren parte-hartzearekin”.

Elkarlan horren adibide bat ere azaldu zuen Artolak. 2030erako plan estrategikoa. Honen lanketa abiatu berri da, zabalagoa den proiektu bat da eta elkar elikatu egingo dute biek. 

Nagore Iñurrategik eta Ekaitz Aranberrik azaldu zituzten helburu eta neurrien artean izaera eta neurri desberdinetakoak daude, Izan, Bizi eta Ekin ataletan banatuta. Besteak beste, euskara gizarteko elementu integratzaile bihurtzeko, lan munduan euskararen erabilera sustatzeko proiektua garatzea; Memoria berreskuratzeko, gerra eta gerra ondoko biktimei erreparazioa egitea; mundu mailan jasangarritasunari lotuta dagoen erronkari Bergaran heldu; belaunaldi arteko harremanak sortzeko eremuak sortu; ume eta gazte guztien ongizatea bermatzeko eskolak komunitateko eragile bihurtu; auzoen garapen orekatu eta jasangarria bultzatu; emakumeentzat espazioak sortu; gazteen inplikazioa erraztu; edota eraldaketa soziala bultzatu Laboratoriumaren bidez.

 

Bergara izan, bizi ekin, planaren dokumentua

Departamento: