ikastaroenpuntuazioa.jpg

Besteak beste, ikastaro batzuetako materialaren kalitatea eta itxaron zerrenden kudeaketa hobetu beharra izan dira hobetu beharren alorrean nabarmendutako alderdiak.

2012ko abenduan, udal kirol ikastaroetan dauden 1034 ikasleei asebetetze inkestak betetzeko gonbidapena luzatu zien Bergarako Udalak, hauen iritzia ezagutzeko. Guztira, erabiltzaileen %23k parte eman du iritzia.

Baloratu diren alderdiak

Datuak bi modutan bildu dira: ikastaroei buruzko iritzia, batetik, eta alor zehatz batzuen ingurukoa, bestetik. Bi kasuetan 1etik 10erako puntuazioa eskatu zitzaien ikasleei.

Datuak aztertuta, ikastaroen bataz besteko balorazioa 7.44 izan da. Ekintzaz ekintza begiratuta, gehien baloratu dena 3. adinekoen jarduera izan da (9.20); okerren baloratua, berriz, helduen igeriketa (6.35).

Alorrei dagokienean, okerren baloratu dena, itxaron zerrenden kudeaketa (6.44) izan da. Hoberen baloratu dena, berriz, begiraleen lana (8.13). Kontuan hartu diren beste alorrak izan dira: Jardueren iraupena, Ordutegia, Saio antolaketa, Erabilitako baliabideak, Puntualtasuna eta izen emate prozesua.

Datuak sexuka aztertuta, ezin daiteke esan gizon eta emakumeek emandako erantzunen artean desberdintasun esanguratsurik dagoenik. Erabiltzaileen profilari dagokionean gehiengoa dira emakumezkoak, hirutik bi baitira emakumeak.

Esku hartu beharreko alorrak eta zenbait ohar

Oro har, inkestaren emaitzak oso ontzat jo badaitezke ere, galdetegi hauek zer eta non hobetzeko argibideak ematen dituzte. Horrela, epe motzean hobetu beharreko gaiak dira ondorengoak:

  • MATERIAL- ETA ESPAZIO-BALIABIDEEN ANTOLAKETA: Erabiltzaileek adierazi dute zenbait ikastaro zehatzetan materiala hobetu edota gehiagoren premia dagoela. Beste batzuetan, berriz, kirol-eremuaren gaineko ekarpenak egin dituzte. Bereziki, garbitasuna eta espazio falta.

Horiek guztiak, jardueraz jarduera aztertuko dira begirale eta koordinatzailearekin batera.

  • MUSIKA ETA EUSKARA: Eztabaida piztu zuen gain honen inguruan parte hartzaileek ez dute iritzi ez aipu nabarmenik egin. Soilik, begiraleen lana eta zenbaiten hizkuntza ahaleginak txalotzeko baino ez.
  • ZERRENDEN KUDEAKETA: Ikasturte honetan berebiziko ahalegina egin da itxaron zerrendak murriztu eta ezabatzeko. Izugarri murriztu dira eta igeriketa-eskolaz salbu, gainontzeko zerrendak oso motzak dira. Hala ere, parte hartzaileek nota baxua ipini diete (5.95).

Bitxia da, baina itxaron zerrendarik izan ez duten ikastarotan ere puntuazio baxua ipini digutela.

  • EMAITZAK: Ikastaroz ikastaroko emaitzak Agorrosingo iragar taulan zintzilikatuko dira guztiek kontsultatzeko moduan.

ikastaroenpuntuazioa.jpg