Debagoienako herri bi hauetako ia 4000 ikasle hondakinen pilaketa aztertzen ari dira ikasturte honetan zehar eta maiatzean lan horretatik jasotako emaitzak eta proposaturiko ideiak aurkeztuko dituzte.

Tokiko Agenda 21a, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ingurumen hezkuntzarako sustatutako programa da eta ikastetxeek garapen iraunkorraren eta eskolako kalitatearen alde udalekin elkarlanean aritzeko konpromisoa hartzea du helburutzat.

Horrela, ikastetxeek ikasturtean aztergai izango duten gaia aukeratzen dute (ura, hondakinak, mugikortasuna, energia, etab.) eta, material didaktikoaren eta hainbat jardueraren bidez, hautatutako gaiaren diagnostikoa egiten dute ikasleek, hiri ikuspuntu iraunkorretik begiratuta.

Bergara eta Oñatiko Eskola Agenda 21a

Aurten, Bergara eta Oñatiko ia 4000 ikasle, hondakinen pilaketen arazoa ulertu eta ikertzen ari dira. Irailean hasi ziren gaiaren inguruan lanean eta maiatza aldera emango ditu fruituak, orduan plazaratuko baitira ikasleek lorturiko azken emaitzak eta proposaturiko ideiak.

Orain, beraien lanaren berri ematen hasteko buletin bat sortu dute. Lehen buletina hemen irakur daiteke.