Atzo, asteazkena, sareetan eta kalean Boluko pilotalekua estaltzeko proiektuari erreferentzia zuzena egiten zion testu erasokorra zabaldu zen ‘Manipulación’ izenburuarekin eta ‘Vecinos de Bolu Anti-cubierta’-k sinatuta. Udal Gobernuak erantzun irmoa eta argigarria eman nahi izan dio testuari, eta berretsi du Boluko pilotalekuari eta auzoari soluzio onena emateko abiarazitako prozesua. Hala, Irizar jauregian bertan Elena Lete alkateak, Maite Agirre eta Lander Arregik lagunduta, honako adierazpenak egin ditu:

"Dakizuen bezala, gure udal programan Boluko pilotalekua estaltzea agindu genuen, eta horren bidean bergararren onurarako izango den azpiegitura definitzen ari gara herritarrekin batera. Horretarako, hainbat bilera izan ditugu eta azkena aste honetako asteartean egin dugu. Epe batzuk aurreikusita genituen, baina soluzio onenaren bila ari garenez, proiektua denborarekin eztabaidatu eta aportazio guztiak aztertu nahi ditugu. Laster beste bilera batera deituko ditugu herritarrak.

Halako testua zabaltzea ez dugu egoki ikusten. Manipulazioaz ari dira, eta berez ez dakigu nork sinatzen duen eta nor ordezkatzen duten. Egindako batzarretan ikusi dugu askotariko iritziak daudela, eta jakin badakigu bizilagun konkretu batzuk auzoan pentsatu baino beraien interes propioan pentsatzen dutela.

Testu horren bidez beldurra eta konfrontazioa sortarazi nahi da pilotalekua estaltzeko proiektuarekiko. Esan beharra daukagu oraindik herritarrekin aukera desberdinak aztertzen gabiltzala; eta gerora, definitu eta gero zehaztuko ditugula azpiegitura horren inguruko segurtasun neurri, erabilera mota eta ordutegiak, besteak beste. Egon ziur Udalak horiek guztiak bermatuko dituela, erakundeok beti egin ohi dugun bezala.

Era berean, ezezagun horiek zabaldutako testuan jasotzen da Boluak beste behar batzuk dituela. Orain arte ez dugu horren berri izan baina, jakina, horiek entzuteko prest gaude. Auzotarren eta orohar herritarren onurarako soluzioak guztion artean eztabaidatu eta adostu nahi ditugu, eta horren bidean jarraituko dugu".

Arloa: