Astean Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztu da Bergarako Udalak, Tokikom-ek eta Bedelkarrek eta Goienak elkarlanean garatutako Gurean app-a. Aplikazio horren helburua da herriko turismoa eta merkataritza sustatzea, eta dagoeneko martxan dago. Aurkezpenean Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko foru zuzendari Antton Tomasena, Bergarako alkate Elena Lete eta Tokikom-eko koordinatzaile Alaitz Artozabal izan ziren. 

Sistema honen oinarrian, beacon teknologia dago. Beacon-ak baliza txiki batzuk dira –Bergaran zehar gaur egun 50 daude, estrategikoki banatuta–; baliza horiek gertuan dituzten mugikorrei seinaleak bidaltzen dizkiete, betiere mugikorrek Gurean aplikazioa deskargatuta badute.

Aplikazioa honela deskargatu daiteke: QR kodeen bidez; Bergarako Bedelkar elkarteko bazkideen negozioetan eta honako toki publikoetan: Agorrosin, Labegaraieta kiroldegia, Udal pilotalekua fraiskozurin, Udaletxea, Udal Liburutegia, Udal Euskaltegia…

Bergarako udalerrian estreinatu da Gurean, eta aukera ematen du Bedelkar elkarteko negozioetako eskaintzak jasotzeko, zein herriko ondarearen gaineko informazioa jasotzeko, besteak beste. Hala, oso baliagarria da herritarrentzat zein kanpotik datozen bisitarientzat. Asmoa da aplikazioa gehiago garatzea eta honen bitartez herritar zein bisitariei aukera gehiago eskaintzea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu du aplikazioa garatzen eta txalotu du ekimena. Era berean, hiru eragileek, Bergarako esperientzia ikusita, beste udalerri batzuetan antzeko ekimena zabaltzeko gonbidapena luzatu dute.