Atzo, asteazkena, burutu zen Bergararen 750. urteurrena antolatzeko lehen batzar irekia. Eragileen ordezkari eta herritar dezente batu ziren, eta dagoeneko lanean jarri dira.

2018an Bergarako udalerriak herri-gutuna jaso zuela 750 urte beteko dira; eta urteurren esanguratsu hori merezi duen bezala ospatzeko hainbat ekimen abiarazi nahi du Udalak, herritarrekin eta eragileekin elkarlanean. Udalaren asmoa da urteurren honen baitan erakustea zer izan den Bergara iraganean, nolakoa den gaur egun eta norantz goazen.

Bertaratutakoek bat egin zuten asmo horrekin eta ilusioz hartu zuten erronka. Are gehiago, ados agertu ziren Udalak proposatutako lan-taldeen egiturarekin.

Hala, herritar, eragile eta udal ordezkariek osatutako Talde Eragileak gidatuko du prozedura. Prozedura guztian eta talde guztien lanaren oinarri, Mahai historiko zientifikoak Bergarako historia eta erronken kontakizunaren kontrastea egingo du. Eta, ekintzen sorkuntza eta koordinazioa garatzeko arloka hiru lan-talde osatu dira: Kirol eta Kultura sorkuntza; Hezkuntza mahaia eta Garapen Sozio-ekonomikoa.

Talde guztiak osatu ziren eta herritar eta eragile bakoitza ekarpen gehiago eman zitzakeen arlokako taldera batu zen; hala, ideiak lantzen jardun zuten. Orain, bi asteko epean Talde Eragileak jasotako proposamenak aztertu eta laster arlokako taldeetako bilerak deituko dira.

Horrekin lotuta, Udalak jakinarazi die herritar eta eragileei urteurreunera begira edozein proposamen izanez gero, mjunamuno@bergara.eus e-postara idazteko, 943 779124 telefono zenbakira deitzeko edo aipatutako arlokako taldeetara batzeko.