Ekimen honen helburua da Bergaran atzerriko hizkuntzak ikasten ari direnei beraien ikaskuntza prozesua errazteko tresna bat gehiago eskaintzea. Izan ere, hizkuntzak ikasten ari direnek hizkuntza hori praktikatzeko zailtasunak izaten dituzte-eta.

Izena ematerakoan zehaztu beharko da zein hizkuntza eta zein ordutegi eta egun aukeratzen dituen partehartzaileak. Bilera horiek astean behin eta ordubetez izango dira. Taldeak autonomoak izango dira, ez da irakaslerik egongo akatsak zuzentzeko ezta mintzapraktika bideratzeko ere. Taldeak astero arduradun bat izendatuko du, hurrengo asterako eztabaidarako gai bat hautatu eta taldekideei aurkezteko (egunkariko albiste bat, gai orokor bat…). Honela arduradunak gai horrekin lotutako hiztegi espezifikoa, esamoldeak… landuko ditu taldekideei aurkezpena egin ahal izateko.

Izena eman ahal izango da urriaren 6ra arte: Udaletxeko Kultura edo Hezkuntza zerbitzuetan, 943 779159 telefono zenbakira deituta, e-posta helbide honetara idatzita (narbaiza@bergara.eus) edo Udal webgunean Hizkuntza Taldeak atalean. Taldeetan sartzeko ez da mailaketa probarik egingo, hasiera batean izena ematen duen edozeinek parte hartzeko aukera izango du (hizkuntza maila edozein delarik). Taldeak gehienez 7 lagunez eta gutxienez 4 lagunez osatuta egongo dira.