Bergarako Udaleko Kultura Zerbitzuak ‘Kultura kalera Bergaran’ programaren edizio berri bat antolatu du. Duela hainbat urte Udalak apustua egin zuen herriko taldeen lana ikustarazteko eta, horrez gain, iaz hasi zen programa berdinean musika klasikoaren alorreko eskaintzak herriko gune desberdinetara ekartzen. Horretarako, iraila osoan zehar doaneko hainbat emanaldi izan dira udalerriko gune desberdinetan.

Programa horren helburu nagusienetako bat da herrian dauzkagun artista altxorrei tartea ematea. Hala, aurten ere saihestu ezin izan diren bi hitzordu izan ditugu: Bergarako Txistulariek Osintxun egin zuten kalejira; eta Bergarako Musika Bandak San Martin plazan egin zuen kontzertua.

Eta programa honi bukaera dotorea jarri eta herriko elkarteei merezi duten ikusgarritasuna emateko eskaintza oso berezia antolatu da asteburu honetarako:

Larunbatean, 19:00etan, kontzertu erraldoia egingo dute Aritzeta abesbatzak, Bergarako Musika Eskolako abesbatzak, Bergarako Orfeoiak, Gabero Orfeoi Gazteak, Sutargik eta San Joxepek. Kontzertu hau San Martin plazan izango da. eguraldi txarra balego, Santa Marinan).

Horrez gain, igandean, 12:00 eta 13:30ak bitartean, tailerrak izango dira San Martin plazan (euriarekin Udal pilotalekuan) talde hauen eskutik: Taila elkartea, Zeramika elkartea, Bolillos taldea, BET Erraldoi konpartsa, Arizondo Argazki elkartea, Jardun Euskara elkartea, BEART, Musika Eskola eta Ehungintza tailerra. Era berean, Alai taldeak kantuz girotuko ditu tailerrak.

Arloa: