Urtarrileko osoko bilkuran onartu dira 2018ko aurrekontuak, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta EH Bildu eta Irabaziren kontrakoekin.

EH Bilduk azpimarratu du lur azpiko aparkalekua egitearen alde dagoela, baina nahiago duela itxarotea Bergarako helburu estrategikoak herritarren artean adostu artean. Irabazik, ordea, udal gobernuak aurkeztutako udal aurrekontuen osotasunari emendakina aurkeztu dio, Irabazik ez duelako udal gobernuak bezala Bergararen hazkundea helburu, bestelako herri eredu bat bermatu nahi du.

Aurrekontua 24.857.039 eurokoa da; 2017koarekin alderatuta %11ko igoera izan du. Udal gobernuak nabarmendu du, udal programan agindutako bezala, Bergarak hazkundea izan dezan eta herriko jarduera indartzeko lanean jarraitzen duela; eta aurrekontuak prestatzerakoan hori izan dela oinarria. Hala, helburua da herritarren bizi kalitatea eta ongizatea hobetzea, eta herritarren behar eta nahiei erantzutea.

Hori abiapuntu izanda, bi proiektu ezinbesteko ditu jomugan 2018ko aurrekontuak: Seminario azpian aparkalekua egitea eta Arrizuriaga lorategia eta jauregia eraberritzea.

Seminario azpian aparkalekuak egitearena ezinbestekoa da udal gobernuarentzat. Herritar askok jakinarazi du herrian horren premia handia dagoela. Gainera, Bergararen hazkunderako funtsezkotzat da. Proiektu horretara 1.400.000 euro bideratuko dira, eta Udalak 1.120.000 euroko kreditua eskatuko du.

Beste proiektu handia Arrizuriaga jauregia eta lorategia eraberritzea izango da; helburua da gune hau kultura ekipamendu berria bilakatzea. Kokagune estrategikoan dago eta Udal gobernuak horren aldeko apustua egingo du. 1.111.000 euro bideratuko dira; horietatik 900.000 euro, Espainiako Sustapen edo Fomento Ministeritzatik helduko den partidarekin osatu nahi dira.

Kulturarekin lotuta, zabaldu berri den Seminarixoan zine ekipamendua jarri nahi da eta horretarako 80.000 euro onartu dira. Bestalde, iaz egindako Ideia Lehiaketan jasotako proiektuetako bat martxan jarriko da: igerilekuetan ematen den arazoari aurre egiteko ur jolasen proiektua aurrera eramango da; horrek 150.000 euroko partida izango du.