Ibaia ekosistema bizi bat dela badakigu; ibilguak, ibaiertzak eta uholde-lautadak, eta bertan bizi diren uretako eta lehorreko bizidunek osatua.

Dena den, mendeetan zehar eta bereziki XX. mendearen bigarren erdian hiriek eta industriak ibaiak berezkoa duen eremua okupatu, eraldatu eta ibaiaren artifizializazioa deritzona eragin dute. Zer da ibaiaren artifizializazioa? Naturala dena artifizial bihurtzea; hau da, ibaiaren baldintza naturalak eraldatu eta gizakiak berari komeni zaizkion baldintzak sortzea. Eraldaketa horiek ibaiaren erregimen hidrologikoan, morfologian zein ibaiertzeko landaretzan eragin zuzena izan dute.

Hiriguneetan ibaiek hainbat aldaketa hidromorfologiko jasan izan dituzte, etxebizitzekin lurzorua iragazgaitu  eta ibilguetan bertan egin diren obra hidraulikoen eraginez. Ibai-ibilguan eraikitako bideraketek eta elementuek ibilguaren prozesu geomorfologiko naturalak sakon hondatzen dituzte, horrekin ibaiaren dinamika naturala eta komunitate biologikoen leheneratze naturala nabarmen gutxituz.

Ibilgua artifizialtzerakoan, ibaiak berez era naturalean sortuko lukeen eragin juxtu kontrakoa lortzen da: korrontearen abiadura handitzen denez, kanalizatutako guneetatik beherago ibaiko urek  gainezka egingo dute, lurretan sedimentu gutxiago geldituko da eta ingurua desnaturalizatu egingo da. Ibaiertz batean edo bietan eraikitako defentsek edo ibilguaren kanalizazioek eten egiten dute ibai-ekosistemek ibaiaren inguruko ekosistemarekin edo gertuko lur-ekosistemekin izan zezaketen lotura.

Ibaiaren artifizializazio-prozesu hau ere agerikoa da Bergarako herrigunean; izan ere, Deba ibaia ubideratuta dago alde batean edo bietan herrigunea igarotzen duen tarte gehienean. 

Eragin hau are nabarmenagoa da etxebizitza-eraikinak ur-ibilguaren gainean eraiki diren kasuetan.

Uraren Esparru Zuzentarauak zein indarrean dagoen plangintza hidrologikoak artifizializatutako ibai-tarteak lehengoratzea dute helburu eta lehentasunetako bat. Eremu urbanoan dauden ibaietan, berriz, gehienetan erabateko leheneratzea ez da bideragarria, ubideraketak kentzea ezinezkoa delako. Hala, herrigunean helburua ibaiaren egoera hobetzea izango litzateke; hein batean baldintza naturalak berreskuratu ahal izatea, alegia. Hobekuntza horiekin desiragarria litzateke herrigunean ibaiak honako ezaugarriak izan ditzan lortzea:

  • Bizirik eta osasuntsu dauden ekosistemak egotea (bai uretakoak, bai ibaiertzekoak)
  • Paisaia eta askotariko ingurumen-zerbitzuak eskaintzea
  • Erresiliente izatea / Gertakari larrien aurrean (ur-goialdiak edo lehorteak) egokitzeko gaitasuna izatea
  • Hiriko azpiegitura berdearen parte izatea
  • Toki degradatua edo baztertua ez izatea (kutsadura, usain, hondakin edo abarrengatik)

Iturriak:

  • Guía Nueva Cultura del Agua https://www.fnca.eu/guia-nueva-cultura-del-agua/
  • Uraren Euskal Agentzia (2004): 2000/60/EE Uraren Esparru Zuzentarauaren 5. eta 6. artikuluei buruzko txostena
  • Ingurumen Ministerioa eta Madrileko Unibertsitate Politeknikoa (2007): Estrategia nacional de restauración de ríos: la urbanización y sus efectos en los ríos”.

 

 

Arloa: