2014 urteaz geroztik Udalak suteak ekiditu eta gizarte premiak antzemateko programa burutzen du. Programa hau zuzenduta dago 80 urte baino gehiago dutenei eta 65 urtetik gorako beste batekin bizi diren pertsonei.

Programak helburu bikoitza du:

-Etxeetan egon daitezkeen sute arriskuak ekidin eta sutea gertatuz gero nola jokatu jakinarazi eta kalteak gutxitu.

-Programaren onuradunak diren pertsonak ezagutu eta gizarte premiarik izanez gero hauek antzeman prebentzio lana eginez.

2019an bisitak ekaina eta urria bitartean egin dira; eta 59 pertsonei eman zaie programan sartzeko aukera. Horietatik 43 sartu dira.

Arrisku-ebaluazioei dagokionez, bisitatutako 36 etxetan ez zen arriskurik identifikatu, baina beste 7 etxetan bai. Azken horietan antzemandako arriskuei eta gomendatutako neurri zuzentzaileei buruzko informazioa eman zitzaien. Eta zuzentzeko asmoa erakutsi zuten 7tik 6k.

Etxe horietan ebakuazioa errazteko krokis bat egin, autobabeserako eskuliburu bat aurkeztu eta segurtasun pautak erakutsi zitzaien.

2019 urtean 48 detektagailu berri instalatu dira; eta ke-detektagailuen mantenu zerbitzua 558 etxetan egin da.

Laburbilduta orain zerbitzuan 601 etxebizitza erabiltzaile daude eta, guztira, 708 ke-detektagailu daude funtzionamenduan.

Gainera, suteak ekiditeko bisitak egitearekin bat, elkarrizketak egiten dira erabiltzaileek gizarte zerbitzuen laguntza beharrik duten jakiteko. Horretarako 601 etxebizitza bisitatu dira eta horietatik %74tan beharrik ez dutela egiaztatu da. Gainontzeko %26an informazio premia edo gizarte zerbitzuen esku-hartzea antzeman da.

Zerbitzuaren kostua 24.364,19 eurokoa da.

La Caixa fundazioarekin hitzarmena

Hirugarren adinekoen pertsonekin jarraituta, Udalak berritu du La Caixa fundazioarekin Boni Laskuraineko adinekoen zentroan indarrean duen programa garatzen jarraitzeko elkarlankidetza hitzarmena.

Programa horretan sartzen dira: Osasuna eta ongizatea sustatzeko jarduerak; Garapen pertsonala eta bizitza-zikloa: Informazioa eta Komunikazio jarduerak (IKT); eta Gizarte parte-hartzea eta boluntariotza.

Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzarmena

GFAk eta Udalak hitzarmena sinatu dute mendekotasun prestazio ekonomikoak jasotzen dituzten herritarrek duten zaintzaren kalitatearen jarraipena egiteko.

Hitzarmen honek zehazten du Aldundiak Udalaren esku uzten duela jarraipen hori, eta finantzazioa Aldundiaren kargu izango dela. Bisita bakoitzeko 75,09 euro ordainduko ditu. Eta 2018an Bergaran 514 pertsonek jaso zuten dirulaguntza mendekotasunagatik.

Jarraipenaren helburua da mendekotasun dirulaguntzak jaso dituztenen zaintza-kalitatea, etxebizitzatako bizikidetza eta bizigarritasun baldintzak egokiak direla egiaztatzea. Eta, horren arabera, beharrezkoa balitz arreta gabezia egoera posibleei aurre hartzea.