Soka luzea ekarri du Covid19aren krisiak. Ondorio ekonomikoak ikusten ari gara guztiok, eta ez dirudi epe motzeko kontua izango denik. Jakitun da hortaz Bergarako Udala, eta baliabide guztiak jarri ditu horri aurre egiteko. Aurreko astean, esaterako, herriko ekonomia biziberritzeko neurri sorta aurkeztu zuen; tartean, terrazen espazioa handitzeko aukera eta tasa bertan behera uztea, eta baita itxi egin behar izan duten negozioei laguntzak ere, berriz martxan jartzeko bultzada izan dezaten. Krisi honek etxe, enpresa eta bestelakoen ekonomian eragin duen bezala, Bergarako Udalak ere astindu ekonomikoa jasaten dihardu.

Alde batetik, diru sarrerak nabarmen jaitsi dira, besteak beste:

-Foru fondoa: 2.102.311,2 €

-Agorrosin kirol gunea: 580.000 €

-Atzeratutako eta bertan behera lagatako zerga eta tasak (terrazak, itxi egin behar izan duten negozioak): 90.000 €

-Bestelako diru sarrerak (ICIOa, aprobetxamenduak, kale okupazioak, IAEn jaitsiera,...): 1.100.000 € inguru.

Bestetik, gastu batzuk nabarmen handitu dira; esaterako:

-Gizarte zerbitzuak: Gizarte Larrialdietarako Udal Laguntzetarako diru izendapena 63.000 euroan handitu da eta hala ere agortzear dago honezkero. Berriz handitzea aurreikusten da, beharrak nabarmen hazi dira-eta.

-Hirugarren adinekoen arretarako zerbitzu batzuetarako alta berriak bertan behera geratu direnez (egoitzak eta eguneko zentroak) etxez etxeko zerbitzuko beharrak hazi litezke eta horri aurre egiteko lerroak handitu beharra aurreikusten da, Udalak aurre egiten dihardu-eta gainkostu horri.

 -Egoerari aurre egiteko EPIak eta langileentzat babes neurriak: 21.400€

-Kale desinfekziorako produktu eta tresnak: 30.000 € inguru maiatzera arteko datuetan.

-Herriko aktibitateak berraktibatzeko diru laguntza lerroak, 340.000 €.

-Behar eta egoera berriei erantzuteko lerroek ere izendapen berriak beharko dituzte.

Urte hasieran onartutako aurrekontuek, beraz, ez dute gaurko egoera islatzen. Defizita nabarmena baita: (atxikituta gastu eta sarreren grafikoa).

2020 urterako onartutako aurrekontua 25'2 milio € koa izan zen; eta krisiaren ondorioz sarrerak 21.3 milioi ingurukoa izatera pasatu dira. Beraz hasierako aurrekontuarekiko defizita 3'9 milioi € koa da.

Horren aurrean, departamentuz departamentu berrikusten dihardugu diru sarrera eta gastuak, gaurko egoerari erantzungo dioten aurrekontu errealistak osatzeko. Lehentasun berriak ezarri dira, pertsonak erdigunean jarri nahi izan dira, eta horretarako zenbait inbertsio mahaigainean utzi beharko dira.

Aipatzekoa da baita ere zenbait inbertsio handi konprometituta zituela Udalak, eta horiekin aurrera egitea erabaki duela. Labegaraietako proiektuaren bigarren fasea da hauetako bat, 400.000 euroko dirulaguntza duena. Amillagako berrurbanizazioak ere 150.000 euroko dirulaguntza du; eta Ibargaraiko berrurbanizazioa beharrezkotzat jo da, egin ezean inguruko bizilagunen ur hornidura arriskuan egon zitekeelako. Gastuetan moldaketa esanguratsuak egiteko aukera inbertsioen alorrean izaten da, eta gutxi gora behera, 4.122.011 euroko inbertsio ahalmena aurreikusten zen. Horietatik 2'5 milioi € konprometituta, inbertsioetan egin ahal diren moldaketa aukerak txikiagoak dira.

Inbertsioen arloaz gain, gastu arrunta ere sakon begiratu eta orraztu beharko da, ezinbestekoak ez diren gastuak identifikatu eta baloratzeko.

Horri gehitu behar zaio gerakinaren egoera. 2.300.000 euro inguruko gerakina zegoen aurreko urtetik. Hortik zati handi bat Zubieta kalearen berrurbanizaziora bideratzeko asmoa zegoen. Beste 1.300.000 euro Seminarioko parkinga egingo balitz gordetzeko konpromisoa hartuta geneukan, beti ere mugikortasun planak egitea komenigarria zela ondorioztatzen bazuen. Proiektu horri lotuta beste 1.100.000 € ko kreditu bat zegoen, eta kopuru hori amortizatu da 2019an, zor bizia nabarmen jaitsiz. Parkinga egiten hasi izan balitz, Udalaren egoera ekonomikoa nabarmen okerragoa izango litzateke, eta egoera berrira egokitzeko zailtasun handiagoak izango genituzke.

Gerakineko dirua sortutako behar berriei erantzutera eta udal kontuen defizita estaltzera bideratu beharko da.

Esan bezala, sarrerak nabarmen gutxitu dira, eta lehentasun berriak azaldu. Pertsonak, bergararrak bazterrean ez lagatzea da gure lehentasun nagusia. Horrek dakar urte hasieran onartutako aurrekontuetan azaltzen ziren inbertsioak lehenetsi beharra. Gauzak horrela, Udal Gobernuak honako proposamena egin du gainontzeko taldeekin konpartitu eta lehentasun berriak ezartzeko.

Berrikusitako aurrekontuan aurreikusten diren inbertsioak:

● Txakur parke bat.

● Ortu komunitarioak.

● Ibargaraiko berrurbanizazioa.

● Amillagako berrurbanizazioa.

● Labegaraietako kiroldegiaren 2. fasea.

● San Martin eskolako leihoak aldatzea.

● Haurreskolaren atarian estalpea.

● Albitxuko ur-hoditeria berritzeko lanen 2. fasea.

Berrikusitako aurrekontuetatik kanpo geratzen direnak:

● Zubieta kalearen berrurbanizazioa.

● Agorrosingo futbol zelaiaren proiektuaren idazketa.

● Jolasparke estalia.

Esan beharra dago, egoera ekonomikoak derrigortutako moldaketa dela honakoa, eta etorkizuneko egoera ekonomikoak ahalbidetzen badu, Udal Gobernuak mahai gainean utzitako inbertsioak gauzatzeko konpromisoa hartzen duela.

Hori guztia esanda eta etor daitekeen garai ekonomiko zaila aurreikusiz, epe ertainean inbertsio ahalmena eduki eta etorriko diren erronkei aurre egin ahal izateko, Bergarako Udalak aurtengo aurrekontua egoera berriaren defizitera egokitu ahal izateko kreditu bat eskatzeko beharra mahai gainean dugu; eta lehen aurreikuspenen arabera 1'5 milioi  € ko kreditua eskatzea bideratzeko lanak egiten dihardu udal gobernuak.

Ez da bergararrok nahiko genukeen testuinguru ekonomikoa, baina aurre egingo diogu erronka honi ere. Nahiz eta egoera onena ez izan, Udalak konpromisoa hartzen du baliabideak herritarren alde jartzeko. Beraz, egoera ekonomiko zaila izan arren, bergararrei lasaitasun mezua helarazten diegu. Egindako proposamena azterketa ekonomiko zehatz baten ondorio da, eta horrela jarraituko dugu. Hankak lurrean dauzkagu, eta proposamen errealistak egiten jarraituko dugu.

Arduraz jokatzeko garaia da, eta elkarlanean jardutekoa. Bergarako norbanako, eragile, enpresa eta abarren prestutasuna eskertu nahi dugu. Askok daukazuen onena erakutsi duzue, eta horrela jarrai dezagun. Udalbatzako alderdi guztiok ere elkarlanean jardun dugu larrialdi egoera ezarri zenetik. Larrialdi mahaian batuta hartu dira erabakiak, eta elkarlan horrekin jarraitzeko deia egiten dugu. Orain arte erakutsitako jarrera proaktiboa eskatzen diegu bergararrei. Egin proposamenak, eta jar gaitezen guztiok auzolanean. Guztiok batuta lan egitea ezinbestekoa da egoera honetan. Eta horrela egiten badugu, seguru guztiok indartuta aterako garela.