Udalean dauden hiru alderdiek adostu dute LGTBI+ harrotasun egunaren aldeko honako adierazpen instituzionala. Astetlehen honetan egingo den osoko bilkuran berretsiko da adierazpena.

“Pertsona guztiak duintasunean eta eskubideetan libre eta berdin jaiotzen dira. Hitz hauek ageri dira Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren lehen artikuluan. Tokiko udalen, erakundeen eta herritarren eskubideen babesaren eta defentsaren bermatzaileen oinarrizko lana gidatzen du“.

Ekainaren 28a, LGTBIQ (Lesbiana, gay, transexual, bisexual, intersexual, queer) harrotasun eguna, eskubideak aldarrikatzeko nazioarteko eguna da, errespetua eta bizikidetza aniztasunaren ikuspegitik aldarrikatzekoa. Duela mende erditik ospatzen da, Stonewallen, polizia errepresioaren ondoren homosexualek plantoa egin zutenetik.

Nabarmenak dira gai horri buruz egindako aurrerapenak, lege-arloan nahiz gizartearen ideiei dagokienez, lorpen horiei esker iragazkortasun handiagoa lortu du baita sexu-aniztasuna bizitzeari dagokionez ere. Baina horrek ez gaitu engainatu behar, LGTBIfobia errealitate bat baita oraindik ere.

Homofobiaren kontrako eguna aldarrikatu berri dugun honetan, kolektiboak nazioarte-eremuan aurre egin behar dion egoera zaila nabarmendu nahi dugu. Ez dugu ahaztu behar LGBTIfobia gehien hedatuta dagoen gorroto-moduetako bat dela eta 70 herrialdetako baino gehiagotako zigor-kodeetan instituzionalizatuta dagoela eta zigor-kode horietan genero-orientazio, -identitate eta -adierazpen desberdinen arau errepresoreak biltzen direla. Hori guztia ahaztu gabe herrialdeek gaur egun ere aurreikusten dutela LGTBI kolektiboari heriotza-zigorra aplikatzeko aukera, baita kolektibo horrek herrialde askotan aurre egin behar dien gorroto-krimen kontaezinak ere. Urrun dagoen zerbait dela ematen duen arren, kontua da, gure ingurunean gero eta gehiago ikusten den errealitatea dela; izan ere, egoera dramatiko horrek eragindako asilo-eskaerak izugarri ari dira igotzen azkenaldi honetan.

Era berean, agenda, ospakizun, ekitaldi eta gainerakoek horrelako errealitateak gure gizartean gero eta toki gehiago dutela gogorarazten digute. Gipuzkoan asko eta asko dira egun hau ospatzen duten herriak. Modu honetan, hetero-arauak ezarritako eredutik kanpo agertzen diren sexualitate motak hierarkizatu eta baztertzen duen identitate sexualak ezarritako aurre-iritzietatik, edozeinek eremu horretan askatasunez bizitzeko duen eskubidea agerian jartzen da. Ildo honetatik aipa daiteke aldarrikatu berri dela, apirilaren 26an, hamargarren urtez, Ikusgaitasun Lesbikoaren Nazioarteko Eguna eta honek argi uzten du, oraindik ere asko dagoela egiteke.

Erakundeetatik pertsona guztientzako eskubide guztiak bermatzeko erantzukizuna dugu, eta bereziki zaindu behar dugu LGTBI bezalako kolektibo zaurgarrienek eskubide horiek izan ditzaten. Covid-19aren garaian ere egin behar dugu: krisia ezin da aitzakia izan inor atzean uzteko. Garaiz gaude "normaltasun berri" hori garai berri bat izan dadin, euskal gizarte errespetuzkoago, justuago, duinago eta askeago baterantz aurrera egiteko aukera bat.

Horregatik, ekainaren 28 honetan aitortu nahi dugu LGTBI kolektibo eta pertsona ugariren borroka luze eta ordainezina Euskal Herrian: garai zail hauetan, pertsonen eta gure herriaren emantzipaziorako erreferente direla erakusten jarraitzen dute.

Toki administrazioak egitura garrantzitsuenetakoak dira eskubideak eta askatasunak bermatzeko eta ongizate estatuari egiten dion ekarpena bultzatzeko.

Horregatik, Bergarako Udalak konpromisoa hartzen du honako hau egiteko:

1) Bergarako III. Berdintasun Planean LGTBI pertsonen egoeraren diagnostikoa txertatzea.

2) Egindako diagnostikoari erantzungo dion talka-plan bat bultzatzea, premiazkoenak diren ekintzak lehenetsiz, besteak beste, arlo hauetan: soziala, enplegua, osasuna, etab., III. Berdintasun Planaren indarraldian.

3) LGTBI pertsonen eskubideak bermatzera bideratutako neurriak aktibatzea, Udalak eskumena daukan zerbitzuetan, hala nola: administrazio-formularioetan aldaketak egitea binarismoa gainditzeko, aldagelak eta komunak egokitzea instalazio publikoetan, igerileku publikoen araudiak.

4) Haurrak eta nerabe transexualak babesteko neurriak ezartzea, bereziki trans errealitatea barne hartzen duten hezkidetza-prozesuak, gizarte- eta hezkuntza-eragileekin.

5) Ikuspegi feminista duten prestakuntza-prozesuak bultzatzea, langile publiko eta politikoentzat, bereziki, jendeari arreta emateko, eta gizarte- eta hezkuntza-esparrurako.

6) Sentsibilizazio-kanpaina feministak egitea, Covid-19aren krisialdiaren testuinguru sozialera egokituta, epe labur, ertain eta luzean, sexu-genero dikotomiari, hetero-normatibitateari eta eremu desberdinetan LGTBI pertsonenganako indarkeriaren eta diskriminazioaren adierazpen eta forma anitzei buruzko kontzientzia kritikoa hartzea errazteko.

7) Pandemian zehar sortutako zaintza-sare komunitarioen, erakundeen eta LGTBI kolektiboen arteko elkarlana sustatzea, LGTBI ikuspegiarekin zaintzen lan-ildoak aktibatzeko.

8) Zeharka, LGTBI kolektiboekin, kolektibo feministekin eta adituekin identifikatutako ekintza guztien diseinu, jarraipen eta ebaluaziorako elkarrizketa lotesle eta iraunkorreko espazioak gaitzea.

9)Edozein motatako erasoa gaitzesten dugu gure udalerrietan; indarkeria fisikoa edota hitzezkoa, umiliazioa edota LGTBIQ pertsonekiko gutxiespena. Horregatik, konprometitzen gara: ­

-Askatasun sexualaren alde lan egiten duten taldeei eta elkarteei eta, zehatzago, LGTBIQ kolektiboei babesa ematera. ­

-Herritar guztiei zuzendutako sentsibilizazio eta konzienziazio kanpainak bultzatzera. ­

-Ekainaren 28ko aldarrikapen eta ospakizuna ikusgai egitera. Horretarako udaletxeko balkoian ortzadar bandera zintzilikatuko da.

Era berean, bergararrei dei egiten diegu LGTBI mugimenduak eta mugimendu feministak gure herri eta hirietan deitutako ekintzetan parte har dezaten.

Arloa: