Azken bi asteotan gora egiten ari da COVID-19aren intzidentzia maila Bergaran. Europa mailako joerari jarraituz, gero eta pertsona gehiago dira gaitzak kutsatu dituenak gure herrian. Une honetan, eta osasun agintariek emandako datuen arabera, Bergarako intzidentzia kopurua 100.000 biztanleko 439,88 da.
Europako osasun agintariek ezarritako semaforo sistemaren arabera, 500 kasuetan jarrita dago larritasunaren langa eta ordutik aurrera eremu gorrian sartzen dira herriak.
Egoera ikusita, Gorka Artola alkateak prebentzioa indartu dezaten eskatu nahi die herritarrei eta mezu hau helarazi die bergararrei: “Azken bi asteotako joera bere horretan mantenduz gero, laster egon gaitezke eremu gorrian. Horregatik, martxotik hona herritarrei ematen ari gatzaizkien gomendioak gogorarazi nahi dizkiegu. Bergararrek erakutsi dute pandemia hasi zenetik elkar zaintzarako duten prestutasuna, eta hori da hain zuzen eskatu nahi diedana. Norberaren burua zainduz ingurukoak ere zaintzea”.
Higiene neurriak zaintzea eta bizitza soziala talde txikietara murrizteko ahalegina egitea eskatu nahi die udalak herritarrei, osasungintza arloko aditu eta agintariek gomendatzen duten moduan. Hortaz, eskuak maiz garbitu, pertsonen arteko distantzia sozialari eutsi eta talde pilaketak ekidin. Osasun arloko arduradunen esanetan arlo sozialean ditugun harremanetan ari dira ematen kutsatze tasa handiena, hortaz, harreman sozialak talde txikietan egitea eskatu nahi du Udalak.