Azaroaren 25ean indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko eguna dela aintzat hartuta, datozen egunotan hainbat ekimen antolatu dira Bergaran. Indarkeria matxista desagerrarazteko behar beharrezkoa da gaiaren inguruko hausnarketa egitea, horregatik, hainbat hitzaldi eta ikastaroa ere antolatu dira. Hilabeteko kultur eskaintza ere gaiari lotuta egongo da. Aldarrikapenerako tartea ere izango da, azaroaren 25ean Martxanterak Talde Feministak antolatuta.
Bergarako udalak Berdintasun Kontseiluaren bitartez bideratzen du arlo honetako jarduna. “Gero eta indar handiagoa hartzen ari da Berdintasun Kontseilua. Udal gobernuarentzat garrantzitsua da parte hartzerako eremu eraginkorrak izatea. Ezinbestekoa baita indarkeria matxistarekin amaitzeko gizarteko eremu guztien eta herritarren inplikazioa, bakoitzak duen arduratik lan egin behar du”, Ainhoa Lete Berdintasun zinegotziaren ustez.

Datozen egunotan egingo diren bi hitzaldiak Kontseiluaren azken bileran partaideek egindako proposamenei esker antolatu dira.

Azaroaren 10ean 'Emakume helduen kontrako eguneroko indarkeria’ hitzaldia egingo da, 18:00etan Irizar Jauregian.

Itziar Usandizaga Berdintasun Kontseiluan Duintasuna taldeko bozeramailea da “Eguneroko indarkeria txikietatik datoz handiak, beraz, txiki horiez jabetzea ezinbestekoa da. Bestela, ez gara konturatzen indarkeria jasaten ari garela. Emakume helduek indarkeria asko jasaten dute, baita familiakoengandik edo gertukoengandik ere. Horren inguruan hitz egingo digu Lourdes Rodriguez Landa soziologoak eta IPES erakundeko ikerlaria”.
Azaroaren 17an, 'Arrakala orgasmikoa: nola patriarkatuak ohean ere jarraitzen gaituen hitzaldia eskainiko da. Kontseiluko partaideen esanetan: “Paola Damonti herriz herri dabil gai hau lantzen, eta jendearen arreta piztu du. Oso interesgarria izango da, eta Bergarako emakume zein gizonak gonbidatu nahi ditugu hitzaldira”.

Martxanterak Talde Feministak bere aldetik, “aurtengo ikasturterako bi gai-helburu nagusi finkatu ditugu: alde batetik, aurtengo mundu martxaren ekintzaren hariari heltzea eta bestetik justizia feministaren gaiari heltzea. Urritik martxora bitartean mundu martxaren ekintzak dakarren edukiak herrian lantzea da helburua, kontu ezberdinak antolatuz”. Azaroan, bi ekimen antolatu dituzte.

Azaroaren 20an, "Migrazioak, mugak eta migrazio politika" gaien inguruko hitzaldia kartzela zaharrean, Red de mujeres migradas y racializadas de Euskal Herria kolektiboaren eskutik. EMM-ko edukiak izango dituzte ardatz.

Azaroaren 25ean, berriz, emakumeonganako indarkeriaren aurkako egunaren harira plazan elkarretaratzea. Azken urteetako ildoari jarraituz, baina testuingurura egokituta plazan entzute, irakurketa eta salaketa ekintza bat egingo da, herritarrek parte-hartzeko aukera izango dute. Urtero moduan, ahots askotarikoak ekartzen ahalegina egingo dute, eta performance txiki bat egingo da.

Ainhoa Lete Berdintasun zinegotziak ekimenetan parte hartzera gonbidatu nahi ditu herritarrak: “urtetan herrigintzatik, mugimendu feministak egindako lana bultzatu nahi dugu, ezinbestekoa baita indarkeria matxistarekin amaitzeko.”

Hitzaldietan parte hartzeko aurrez izena eman behar da, berdintasuna@bergara.eus helbidean edo 943 77 91 00 telefonoan. Azaroaren 16an egingo den Autodefentsa digitala ikastaroan parte hartzeko, berriz, izena eman behar da Laboratoriumen.

Arloa: