Azaroaren 30ean egin du Bergarako udalbatzak azaroko ohiko osoko bilkura. Gai-zerrendako puntu denek egin dute aurrera, eta gehientsuenak aho batez onartu dira.

Besteak beste, aho batez onartu dute udalbatza osatzen duten hiru alderdiek, Frankismo garaiko delituengatik jarritako kereilaren inguruan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak emandako autoa errekurritzea Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian. Honela, Bergarakoa izango da auzi honengatik bide hori jorratzen duen lehen udala.

Memoriaren berreskurapenari lotuta ere, Egiari Zor fundazioak aurkeztutako mozioa onartu da, aldeko 16 botorekin (EH Bildu eta EAJ-PNV) eta aurkako boto batekin (PSE). Euskal Autonomia Erkidegoko 1978 eta 1999 bitartean motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan zituzten biktimentzako erreparazioa aldarrikatzen du.

Aho batez onartu dira, halaber, hirigintzari lotutako hainbat gai. 'Txara BTA' izeneko banaketarako transformazio-azpiestazio berrirako beharko diren azpiegitura elektrikoak egiteko permuta-hitzarmena onartu da. Ekimen honen bidez, herrigunean zegoen estazioa bertatik urrundu egingo da eta, anbulatorioko aparkalekua handitzeko aukera egongo da. Positibo baloratu dute udal gobernuak eta EAJ-PNVk. Gorka Artola alkateak azaldu duenez, eremu berrian ingurumenean izango duen inpaktua ahalik eta txikiena izan dadin lanean ari dira. Obraren baimenean ere, neurriak ezarriko dira ingurumen inpaktua ahalik eta txikiena izan dadin. 

Bestetik, HAPOaren bigarren aldaketaren hasierako onarpena adostu da. Eta, Soraluce S. Coop.-ekin egindako hirigintza-hitzarmenaren aldaketa ere. Hauek biak ere aho batez. Hiru adierazpen instituzional ere onartu ditu udalbatzak. Emakumeen kontrako indarkeria matxista gaitzesteko azaroaren 25ean publiko egindako adierazpena berretsi du.

Bestetik, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira ere, HAKOBAren (Herri Aginteen Koordinazio Batzarra) adierazpena bere egin du Bergarako udalbatzak aho batez. Egungo testuinguruan kokatu dute aurtengo adierazpena: “...euskaraz egin behar diogu aurre mundu mailako krisiari; euskaraz egin behar dugu ilunpetik argira eramango gaituen bidea; euskaraz sendatuko gara, euskaraz sendatuko dugu geure gizartea; euskaraz besarkatuko ditugu mundu osoko gizakiak. Bat garelako. Euskaraz bat mundu osoarekin”.

“Bagenekien euskaraz zetorrela geroa, euskaraz ere mintzo dela etorkizuna, eta aurten beste zerbait ikasi dugu: egoera zailetatik ateratzeko eginahalean lagungarri dugu euskara, bidelagun ezinbestekoa. Krisialditik sendoago ateratzea helburu dugun honetan, erabil dezagun euskara ere aurrera egiteko lanabes gisa”.

Mendebaldeko Saharako su-etenaren amaieraren aurrean Euskal Autonomia Erkidegoan Saharak duen delegazioak proposatutako adierazpen instituzionala onartu du udalbatzak, aldeko 15 botoekin (EH Bildu, EAJ-PNV). PSEko ordezkaria abstenitu egin da. Bertan, berresten da “zalantzarik gabeko elkartasuna diogula saharar herriaren eta haren legezko ordezkari Fronte Polisarioaren borrokari”.

Abenduan, Gabonetako jai egunak tarteko, ohi baino lehenago egingo da ohiko batzarra. Udalbatza Osoak egingo duen ohiko batzarra hilaren 21ean izango da.

Bileraren bideoa Udalaren Youtube kanalean ikus daiteke. 

Formatu semipresentzialean egin da bilkura.