100.000 biztanleko 400eko intzidentzia tasa metatua gaindituta (512,10 Osakidetzaren apirilaren 26ko buletinean), Bergara COVID-19aren zonalde gorrian sartu da. Hartu beharreko neurri berrien ebazpena bihar, apirilak 27, sartuko da indarrean.

Udalerria eremu gorrian sartuta, murrizketa hauek egongo dira indarrean, Eusko Jaurlaritzaren arauei jarraituz: 

  • Itxiera perimetrala. Udalerria perimetralki itxita egongo da, eta alboko herrietara joan ahal izango da, bakarrik, erosketak edo kanpoko kirola egiteko.

  • Ostalaritza barruak. Establezimenduen barnealdeetan 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era bakarrik zerbitzatu ahal izango da. Terrazak orain arte bezala zabalik egon daitezke.

  • Kirola barruan. Gune itxietan kirola egiteko, taldeek ezingo dute lau laguneko kopurua gainditu, kirolari federatuak eta profesionalak izan ezik. Aldagelak eta dutxak ezingo dira erabili, igerilekuetan izan ezik -gune horietan %35eko edukiera baimenduta dago, eta baita dutxak bakarka erabiltzea ere-.

Horiez gain, gogoratu indarrean daudela etxeratze agindua 22:00etatik 06ak arte. Eta gehienez ere lau pertsonako taldeak elkar daitezkeela, baita etxeetan ere. 

Bergarako Udalak, antzeko egoeratan egin duen moduan, COVID-19aren hedapena murrizteko neurriak bete ditzaten eskatu nahi die herritarri. Elkar zaintzarako deia ere egin nahi die.