Atzo, ekainak 16, banatu ziren Oxirondoko Eguazteneko Azokan 'Bergara loratzen' lehiaketako hiru sariak. Ainhoa Lete alkate ordeak eman zizkien sariak Ane Miren Etxebesteri (alabak jaso zuen saria haren izenean), Elisabeth Urrutiari eta Kontxi Leturiari.

Bergarako dendetan erabiltzeko bonotan banatu dira sariak. Lehenengoak, Ane Miren Etxebestek 400 eurokoa jaso du, Ibargarai 14an apaindutako leihoagatik; Elisabeth Urrutiak 200ekoa, Bolu 41ean egindako apainketagatik eta parte hartu duten guztien artean zozkatutako 100 eurokoa jaso du Kontxi Leturiak, honek Matxiategiko 16 zenbakian egin du apainketa.

Lehiaketaren helburua bikoitza da; balkoiak eta leihoak zaintzen eta apaintzen jarraitzea edo horren ohitura berreskuratzea, batetik, eta bestetik, apainketak ingurugiroari eta herriaren itxurari ekartzen dizkion onurak ere balioan jartzea, naturari keinu bat egitea, alegia.

Ondorengo irizpideak baloratu dira sariak esleitzeko: originaltasuna, apainketaren kalitatea, loreen iraunkortasuna eta diseinu floristikoa. Horrez gain, egitura moduan berrerabilitako materiala erabiltzea.

*Argazkian, ezkerretik hasita: Ainhoa Lete alkate ordea,1. saridunaren (Ane Miren Etxebeste) alaba, 3.sariduna (Kontxi Leturia) eta 2.sariduna (Elisabeth Urrutia).