1976an Alkateen Mugimenduak egin zuen moduan, gaur alderdi abertzaleetako alkate eta hautetsiak batu dira Bergaran.

Gorka Artola Bergarako alkateak, Maria Ubarretxena Arrasate alkateak, Jose Luis Elkoro 1976an Bergarako alkate zenak eta Alkateen Mugimenduko kideak; eta Patxi Basauri 1976an Elgetako alkate zenak eta Alkateen Mugimenduko kideak irakurri dute manifestua.

Besteak beste, hau aldarrikatu dute manifestuarekin:
“Duela 45 urte, 1976ko uztailaren 21ean, Alkateen Mugimenduak deituta, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroaren izenean, 70 udal batzartu ziren udaletxe honetan eta Bergarako kaleak leporaino bete ziren milaka euskaldunekin”.
“Foruen 1876ko deuseztapena, 1839koaren ondorengoa, oroitzen zen egun hartan. Foruak indargabetu zituzten legeak, gerren eta indarrezko ekintzen ondorioa besterik ez, azken finean”.

45 urte ondoren, 2021eko uztailaren 21 honetan, gure herria beste bidegurutze batean dago eta Euskal Herri osoko udal ordezkariak bildu gara Bergaran, munduari herri bat garela eta herri hau biziberritu nahi dugula esateko.
“Orduan bezala, bizi dugun egoera honetan ere -covid19ak eragindakoa-, desafio berriei ekin beharrez aurkitzen gara, eta argi aldarrikatu nahi dugu, etorkizuneko gizarte erronkei erantzun baikor bat eman ahal izateko, euskal herritarren ahotsak bere lekua behar duela, hitzaren eta erabakiaren jabe behar dugula izan”.

“Aldarri hutsetatik haratago, herri modura antolatzeko gure asmoa berresten dugu, gutako bakoitzaren gaitasun indibiduala gaitasun kolektibora batuz, herritar guztiei bizi-proiektu duin eta kalitatezkoa bermatzeko beharrezkoak diren tresnak eskuratuz. Orain, munduari esaten diogu herri honek, Euskal Herriak, bizirik jarraitzen duela eta bizirik jarraituko duela, hori baita gure herriaren gehiengo handi baten nahia”.

Covid-19ak eragindako osasun egoera aintzat hartuta, mugatua izan da parte hartzea, eta Euskal Herritik etorritako ia 70 hautetsik parte hartu dute ekitaldian. San Martin plazan dagoen ikurrina igo ondoren, 76ko Alkateen Mugimenduko kideei (Jose Antonio Altuna “Txatillo”, Luis Arkauz, Jose Mari Kortabarria, Jabier Errazti, Patxi Basauri eta Jose Luis Elkoro) lore sorta bana eman diete Bergarako eta Arrasateko alkateek.

Ekitaldian egon dira, esaterako, Donostiako alkate Eneko Goia, Zarauzko alkate Xabier Txurruka, Tolosako alkate Olatz Peon, Durangoko alkate Ima Garrastatxu, Arrigorriagako alkate Maite Ibarra, Altsasuko alkate Javi Oyo, Lizarrako alkate Koldo Leoz, Asparrenako alkate Txelo Auzmendi edo Urruñako hautetsi Jean Tellechea.