Uberako elkarte-gunea (eskola-etxea) auzotarrek erabil dezaten egindako birgaitze-lanak eta traba arkitektonikoak kentzeko obra amaitu da.

Haien eskura izango dute, hortaz, aurrerantzean elkarte-gunea Uberako bizilagunek. Lanen prozesu osoan elkarlanean aritu dira Bergarako Udala eta Uberako auzotarrak, eta bi aldeek adierazi dutenez emankorra izan da elkarlan hori. Udaleko teknikarien ustez, guztiz finkatuta geratu da eraikina.

Orain dela egun batzuk, obrak amaitu berri, egon dira eraikina ikusten Gorka Buruaga Uberako auzo alkatearekin batera Gorka Artola Bergarako alkatea, Nagore Iñurrategi Auzoetako zinegotzia eta Jaun Luis Gonzalez Hirigintzako zinegotzia. Auzotarrekin batera egingo da elkarte-gunearen inaugurazioa, udako oporraldiaren ostean, irailean.

'Biark Studio SLP' enpresak idatzi zuen proiektu teknikoa. 2019ko urrian onartu zuen Udalak. 'Construcciones Frixi SL' enpresak egin ditu lanak. Lanok 256.872,29 eurotan -BEZ barne- likidatu dira. Halaber, lan hauek Eusko Jaurlaritzak auzo eta landa guneak sustatzeko duen Erein programaren barnean onartu ziren, eta horren ondorioz Udalak eskola-etxea birgaitzeko lanak egiteko 93.573,90 €ko diru-laguntza jaso du.