Bergarako udalbatza osatzen duten hiru taldeek kale-edanaren inguruan lan pedagogikoa egitea adostu dute. Hona hemen adostu duten testua:

Kale-edana ez da jarduera berria, baina osasun pandemiak eragindako egoeraren ondoren ugaritu egin den ohitura da. Eta maiz arazo bilakatzen ari da, jende-talde multzo desberdinek dituzten beharrak kontra jartzen direlako, elkarri traba eginez, eta bizikidetza arazoak sortuz, kontutan izanda gainera, osasun larrialdi egoera batean gaudela. Gaueko aisialdi mota horrek bizilagunengan atsedenerako eragozpenak sortzen ditu, eta zikinkeria sortzen du.

Kezkatzen gaitu, halaber, kale-edana herrigunetik kanpoko bestelako guneetan egiteak. Bertan ez da bizilagunen atsedenerako eskubidea urratzen, baina zikinkeria sortzen da, ingurumenari kalte egiten zaio eta bestelako arrisku batzuk sor daitezke.

Erpin asko dituen gaia da, eta ez du irtenbide erraza. Osasun publikoa, pandemian jarraitzen baitugu; bizilagunen atsedena; hondakinekin eta ingurumenarekin sortzen den arazoa; gaiak sortzen duen interes mediatikoa, eta, azkenik, eta ez garrantzi gutxiagokoa, gazteek duten ezinegona barnebiltzen ditu.

Ez da Bergarako arazoa bakarrik, herri guztietan errepikatzen ari den arazoa da. Gaia globala da, eta gure ustez, erantzunak ere halakoa behar du. Hala ere, gure herrian bertan kudeatu behar dugun gai bat den neurrian, hori lantzeko proposamena egin dugu. Helburua kale-edanean aritzen diren pertsonak -gehienak gazteak- kontzientziatzea izango da, haien gaueko aisialdiak bizilagunei eragozpenik sor ez diezaien eta zikinkeriarik sor ez dezan. Gazteekin lotura duten eragileekin bilera erronda egingo da. Haien iritzia ere entzun nahi dugulako.

Eragile bakoitzak dagokigun erantzukizunez jokatu behar dugu, arazo honen aurrean errespetuz jokatuz. Izan gazte, heldu, guraso, hezkuntza-komunitateko kide, arduradun politiko... Gure ustez arazo hau elkarrizketaren eta errespetuaren bitartez bideratu daiteke.

Kale edanean aritzen diren gazteei mezu bat ere eman nahi die Udalak. Ulertzen dugu egoerarekin nekatuta zaudetela, helduok ere bai, aisialdirako eta sozializaziorako aukerak erabat mugatuta izan dituzuela, eta orain ere egoera ez dela xamurra, baina eutsi beharra daukagu gaur egungo larrialdi egoera amaitzear dagoelako. Eta badakigu askotan ez dituzuela ulertzen erakundeok hartzen ditugun erabakiak. Askotan gazteengan bakarrik jarri da begirada. Baina zuek ere ulertu behar duzue kale-edanak zikinkeria eta zarata sortzen duela eta auzotarrek ezin dutela lorik egin.

Bergararrok, gazteek eta helduek, herri garbia merezi dugu, elkarri errespetatuz, bizitzeko atsegin izango den herria. Udalaz gorako erakundeei ere gaiari hel diezaioten eskatzen die Bergarako Udalak.

Bergarako Udaleko EH Bildu, EAJ/PNV eta PSE-EE talde politikoak.

Bergaran, 2021eko irailaren 23an