Valogreene Paper BC, S.L. enpresak Larramendi poligonoan paper-industriaren hondakinen tratamendurako instalazioa jartzeko asmoa agertu du. Joan den astean jakinarazi zuen moduan, jarraipena egiten ari zaio gaiari Udala, jarduera berria den neurrian ezagutza murritza dagoelako gure inguruan.

Atzo, urriak 4, enpresak Elxen (Alacanten) duen egoitzara bisita egin zuten jarraipen batzordeko hainbat kidek jarduera bertatik bertara ezagutzeko. Gorka Artola Alkatearekin batera, Juan Luis Gonzalez Lurraldea batzordeko lehendakaria, Lander Arregi EAJ-PNVko zinegotzia, Gorka Buruaga Uberako auzo alkatea eta udaleko hirigintza eta ingurumen saileko teknikariak joan ziren.

Elxeko planta pilotuan Bergaran egingo lukeen prozesuaren zati bat ikusi ahal izan dute. Hainbat galdera egin zizkieten Bergarako ordezkariek. Galdera horien artean errepikatzen den bat da, eta zalantza eragiten duena, zarata edota usaina sortuko ote dituen jarduerak. Enpresako arduradunen hitzetan ez litzateke halakorik sortu behar. Udalak, hala ere, eskatu dio horrelako egoeraren bat gertatuko balitz prest eduki dezan kontingentzia plan bat, eta horretarako konpromisoa hartu du Valogreene-k, eta dagoeneko prestatzen ari direla esan diete udaleko ordezkariei.

Valogreene enpresak aurkeztutako dokumentazioan zarata eta usainaren gaiak aztertzen ez diren bezala, airera eta uretara egon daitezkeen balizko isurketak jorratzen ditu. Horien inguruko informazio zehatzagoa izateko helburuarekin azterketa propioa egingo du udalak kontratatu duen aholkularitza zerbitzuak.

Bihar, asteazkena, bilera egingo da Larramendi inguruko auzo alkateekin bisitan jaso den informazioa partekatzeko. Bestetik, auzotarrek dituzten galderak jaso, eta enpresari bideratuko zaizkio erantzun zehatzak izan ditzaten herritarrek.

Arloa: