Bergarako Udalak herriko nerabeei zuzendutako Sexu aholkularitza zerbitzua martxan jarri du Gaztelekuan.

Sexu aholkularitza zerbitzuak eskaini izan dira beste batzuetan ere, baina ez gazteak egoten diren espazioetan, eta ikusi da zerbitzua eraginkorragoa izan daitekeela haientzat naturala den espazio batean txertatzen baldin bada.

Momentuz zerbitzua urritik abendura bitartean eskainiko da, eta etorriko den profesionalak arreta zuzena eskainiko die bertara hurbiltzen diren nerabeei eta baita bertan lanean dauden hezitzaileei ere. Hamabostean behin eskainiko da aurrez aurreko zerbitzua. Lehena urriaren 1ean izan zen, eta hurrengoa hilaren 15ean izango da.

Asmoa aholkularia Gaztelekuko dinamikan txertatzea da, gazteek hurbil sentitzea eta beraien aholkularitza modu naturalean egitea. Aurtengo aurrekontua (urritik abendura) 3.014 eurokoa da.