Zazpigarren urtez egin dira aurten ZTB jardunaldiak. Urriaren 19an hasi eta azaroaren 21ean amaitu dira.

Zientzia, teknologia eta berrikuntza ardatz hartuta, formazioa eta dibulgazioa askotariko esparruetatik landu dira: hitzaldiak, erakusketak, azoka, ikasleentzako jarduerak, tailerrak, Wolfram Encounterra, auzolan digitala... Programan aurreikusitako jarduera guztiak egin dira. 23 jarduera zeuden programatuta, horietatik asko emanaldi bat baino gehiagorekin (tailerrak, hitzaldiak).

Jardunaldi hauen helburua da kultura zientifikoaren dibulgazioan ekarpena egitea. Honela, Laboratorium Museoarekin egunerokoan ildo horretan egiten den lana indartu egiten da. Aurtengoari helburu zehatza ere jarri zitzaion: zientziaren eragin zuzena egunerokotasunean ikustaraztea, eta jendeari zientzia gerturatzea, pertsonak “zientziaratzea” Bergaran eta Bergaratik kanpo. Honela, fisika kuantikoaz edota hidrogeno berdeaz aritu gara jardunaldi hauetan ezagutza zientifikorik ez duen jendeak ulertzeko moduan.

Sona eta prestigio handiko hizlariak izan ditugu gure artera zientzia gerturatuz, horrek gure egunerokoan duen eragina azalduz. Ricardo Diez Muiño DIPC zentroko zuzendariak esaterako 'Fisika kuantikoa eguneroko bizitzan' hitzaldiaren bitartez gerturatu zigun askori arrotz zitzaigun gaia. J.M. Mulet Valentziako unibertsitateko Bioteknologiako katedradunak egin zuen hitzaldiarekin 'Ekologismo erreala. Zientziaren ikuspegitik, zer egin dezakezu planeta babesteko' ildo berean egin zuen ekarpena. Egunerokoan egiten ditugun jardueren, keinuen inguruan hausnartzeko oinarria eman diete entzuleei.

Une honetan mundu mailan pil-pilean dauden gaiak ere jorratu dira, eta honela, dibulgazioan bere alea jarri du Bergarak. Esaterako ekologismoa, energiak, burujabetza teknologikoa, ekonomika zirkularra, klima aldaketa edota adimen artifiziala.

Pertsonak zientziara gerturatzeaz ari garela, indar berezia egin da gazteekin. Hala, ikastetxeen bitartez, arrakasta handia izan duten tailerrak egin dira. Haiek gustuko dituzten formatuak erabiliz eta parte-hartzea sustatuz. Adimen artifiziala landu dute, Laboratoriumeko tresneria ezagutu dute, hainbat gailu martxan jarri dituzte haien funtzionamendua ezagutuz, ederki gozatu dute scape room-etan... Baina ez hori bakarrik. Aurten Encounterra berreskuratu da. Eta bailarako ikerlari gazteak etorkizunaz hitz egiten ere aritu dira.

Aurtengoan euskararen normalizazioan ere ekarpena egin nahi izan du Bergarak. Honela, auzolan digitalaren bitartez ahotsen grabazio maratoia egin da, makinek euskaraz berba egiten ikas dezaten aletxoa jarriz. Emaitza oso ona izan da, eta eredua esportatzeko aukera ere eman du, Errenterian egingo baitute gauza bera.

Hauek guztiak eragileen arteko elkarlanaren emaitza ona dira. Elkarlana da jardunaldi hauen ezaugarrietako bat eta haien balio erantsia. Bergarako Udalarekin eta Laboratorium Museoarekin batera 17 eragile aritu dira edizio honetan elkarlanean.

Iazko bideari jarraituz online ere eskaini dira Seminarixoan egin diren hitzaldi eta mahai-inguruak. Eta ahalegin berezia egin da ztbergara.eus webgunean eguneroko jardueren berri ematen. Sortu den material guztia bertan jasota dago. Jardunaldien barruan zabaldutako 'Hidrogeno berdea klima aldaketaren konponbidea?' erakusketa ikusgai dago Laboratorium Museoan otsailaren 15era arte.