Iragarrita zegoen moduan urak hainbat kalte eragin ditu bart Bergaran. Goizeko 03:00etan hasi dira arazoak, eta ordutik udaltzaingoa lanean ari da kalteak sortu diren puntuetan. 

Kalte pertsonalik ez da egon momentuz, baina hainbat puntutan egin du gainezka ibaiak, eta zenbait bide itxita daude. 

Arazo gehien Zubietan, Ibaiondon eta Osintxun daude une honetan. Ibaiondon eta Osintxun kotxeak mugiarazi behar izan ditu udaltzaingoak goizaldean. 

Une honetan Zubieta eta Osintxu itxita daude. Azken hau uragatik eta erori diren zuhaitzengatik. Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinarazi zaio, baina dagoeneko udal brigadako langileak ari dira bertan lanean Bergarako irteera garbitzeko. Soraluzerako bidea ere itxita dago. Angiozarreko bidean, Elosura bidean eta Elorregiko hilerritik gora ere arazoak daude, lur jausiek eraginda.

Ibaiak beherako joera hartu du dagoeneko, eta eguraldi iragarpenen arabera okerrena pasa bada ere, Udala jarraipen zorrotza egiten ari zaio egoerari. 

Udalak ezinbestekoak ez diren bidaiak ekiditea gomendatzen die herritarrei. Autoa hartzea beharrezkoa bada, Eibarrera eta Arrasatera autopistaz joateko gomendatzen du.

Atzo, abenduak 9, koordinazio mahaia ere batzartuta, honako neurriak hartzea erabaki zuen: 

  • Udaltzaingoaren zerbitzua 24 ordukoa izango da emergentzia egoerak irauten duen bitartean.

  • Ibaia irtetea aurreikusten den puntuetan bideak itxiko dira.

  • Ibai bazterretik autoak kentzeko mezua igorriko du udaltzaingoak bozgorailuetatik (dagoeneko hasi da). 

  • Gauez udaltzaingoaren zerbitzua egongo da.

  • Udal brigadako zaintaldea prest egongo da egoerak eskatzen unera egokitzeko eta esku hartzeko, hala behar bada.

  • Udaltzaingoaren bidez LABIaren emergentzia mahaiarekin eta SOS deiakekin koordinazioa egingo da.