Paper-industriaren hondakinen tratamendurako planta Bergaran ezarri aurretik, dagoeneko eragin dio kaltea herriari. Izan ere, egoitza nagusia Bergaran duen 200 langile baino gehiagoko kooperatiba bat, negozioa handitzeko, Larramendiko poligonora joatekoa zen, baina abenduaren 9an egindako batzarrean erabaki du Larramendiko poligonora joan ordez Arrasatera joatea, Udalari jakinarazi dionez.

Arrisku hori ikusi zuen Bergarako Udal Gobernuak enpresarekin izandako harremanetan, eta hori jakinarazita zien paper-industriaren hondakinen tratamendurako plantaren inguruan aritu diren eragileei (Eusko Jaularitza, alderdiak, enpresak) haien ekimenean kontuan izan zezaten. Orain konfirmatu egin da. Horrek eragingo du Bergaratik 200 lanpostu joatea.

Eusko Jaurlaritzak Valogreene Paper BC, SL-k ustez sortuko lituzkeen 15 lanpostuak herriko kooperatibako 200 horien gainetik jarri ditu. Ez hori bakarrik, hondakinen planta bertan ezarriko balitz ez dago ziurtatzerik beste enpresa batzuk bertara joango direnik ere. Larramendiko poligonoa kondenatu dute horrela Eusko Jaurlaritzak, eta bere menpeko den, eta Larramendi kudeatzen duen Sprik (Enpresa Garapenerako Euskal agentzia), azken honen eskutik etorri baita Valogreene Bergarara. Noiz eta ehun ekonomikoa indartzea ezinbestekoa den garai honetan.

Aurkeztutako proiektua arautegiaren kontrakoa izateaz gain, hasieratik eragin ditu zalantzak herrian proiektu horrek ingurumenaren ikuspegitik. Eta orain, ziurtatu da enplegua suntsitzeko bide ere izan daitekeela. Horren aurrean, Udal Gobernuak Jaurlaritzari eskatzen dio aintzat har dezala enpleguan eragingo duen kaltea, eta birpentsa dezala Valogreene Larramendin ezartzearen inguruan duen jarrera.

Bergarako Udal Gobernua azken hilabeteotan lanean aritu da herriko ehun ekonomikoa indartu dadin, eta herriko enpleguak mantendu, eta berriak sor daitezen aukerak lantzen. Tartean Larramendi poligonoko arduradunekin.

Aste honetan bertan, horrelako egoera gehiago sortzeko bidea ere zabaldu zaio Eusko Legebiltzarrean Ingurumen Administrazioaren Legean interes publiko orokorreko figura sortzea onartu ondoren. Horren bitartez herriaren beharren kontra egiteko bidea zabaltzen zaio Eusko Jaurlaritzari, Goi mailako interes publikoko proiektuak izendatzen dituzten horiek herriei inposatuz.

Bergarako Udalak Lege horren kontrako mozioa onartu zuen azaroaren 29an egindako ohiko osoko bilkuran, argudiatuz udalen autonomia urratuko duela, eta HAPOa, Bergararen kasuan aho batez onartutakoa, baliorik gabe utziko duela.