Aurten ere covid-19aren eraginpean egin beharko dira Gabonetako ekimenak. Abenduaren 7an hasi eta urtarrilaren 5era arte haurrei zuzendutako ekimenak prestatu dituzte Bergarako Udalak eta herriko hainbat eragilek.

Zoritxarrez covid-19a berriz hasi da gurean ere indarra hartzen, kutsatzeak handituz doaz eta umeengan eragina izaten ari da. Horregatik erabaki da abenduaren 24ko goizeko kalejira ez egitea. Hori izaten da Gabonetako ekitaldirik jendetsuena. Hori horrela, antolaketan parte hartzen duten eragile guztien erabateko adostasunarekin goizean ospakizunik ez egitea erabaki da.

Badira urte batzuk Bergarako ikastetxeak, guraso elkarteak eta Udalak abenduaren 24 goizeko Olentzero eta Mari Domingiren kalejira elkarlanean prestatzen dutena. Bergaran goiz hau oso berezia izaten da ume eta gurasoen artean ohitura handia dagoelako goizean baserritar jantzi eta gabon kantuan irteteko. Urtero antolaketarako lan talde bat osatzen da:

-Aranzadi ikastolako irakasle eta gurasoen ordezkariak.
-Mariaren Lagundia ikastolako irakasle eta gurasoen ordezkariak.
-San Martin Agirre ikastetxeko irakasle eta gurasoen ordezkariak.
-Udal ordezkariak.

Aurtengo abenduaren 24a antolatzeari ere horrela ekin zitzaion, bilera bat antolatu zen azaroa hasieran eta ilusioz hasi zen taldea lanean. Baina esan bezala, eta une honetako osasun egoera aintzat hartuta, Olentzero eta Mari Domingi etorriko dira aurten ere Bergarara, iluntzean, baina goizeko kalejirarik ez da egingo.

Oharra: Gabonetako egitarau guztia covid-19aren garapenaren eta unean indarrean egongo diren osasun neurrien menpe egongo da, ekitaldiak bertan behera uzten badira www.bergara.eus webgunean jakinaraziko da.