Datorren larunbatean, hilaren 29an, egingo da Bergarako Jabekuntza Eskolak 2021eko abendua eta 2022ko urtarrila bitartean proposatutako saioetatik azkena.

'Musika eta ahalduntzea' izenburua du Olatz Salvador musikariak gidatuko duen saioak. 29Ko saio hau ere Agorrosinen egingo da, 10:00etatik 14:00etara.

Ikastaro honetan musika munduan gertatzen diren genero desorekak aztertuko dira, sorkuntza musikalean sakonduko dugu eta jendaurrean aurkezteko tresnak landuko ditugu. Gainera, abestia sortzeko prozesuaz arituko gara: letrak idatzi, doinuak sortu eta abestiak interpretatu.

Aurretik bi saio egin dira, lehena Ainara Gorostizuk gidatuta, 'Amatasun praktika bizigarriagoak'; bigarrena, Maria Juncay-k gidatuta 'Zaintza lanak eta ekintzailetza emakume migratuentzat'.

Parte-hartzea doakoa da, baina izena eman behar da aurretik Berdintasun sailean, 943 779 100 telefonora deituz edo berdintasuna@bergara.eus helbidera idatziz.

Jabekuntza Eskolak udaletako berdintasun arloetan antolatutako proiektuak dira, eta helburua emakumeen parte-hartze soziala eta politikoa sustatzea da, ahalduntze-prozesuen bidez gizarte justu, anitz eta osoagoa lortzeko.

Banakako nahiz taldekako jabekuntza bilatzen da, hau da, autokontzientzia hartzea, autoestimua lantzea, norberaren gaitasun propioak ezagutzea eta emakumeei dagokien espazioa berreskuratzea.

Arloa: