Bergarako Udal Gobernua Bergaran bizi diren ukrainar jatorriko hainbat herritarrekin eta udan Txernobileko haurrak hartzen dituzten bi elkarterekin batzartu da egunotan.

Haiek dituzten beharrak entzutea izan da egindako lehen urratsa. Askotariko egoera pertsonalak bizi dituzte Ukrainako gerrak eraginda haien herria utzi behar izan duten pertsona hauek. Eta beharrak ere izaera desberdinekoak dituzte. Horiek jasotzen ari da dira Ainhoa Lete jarduneko alkatea eta Nagore Iñurrategi zinegotzia.

Dagoeneko heldu dira pertsona batzuk gurera, eta haiek dituzten oinarrizko eta premiazko beharrei erantzuteko lehen urratsak ere egin dira.

Datozen egunotan elkarlanean jarraituko dute, lehen beharrei erantzuteko helburuarekin, baina baita epe ertainera pertsona hauek izango dituzten beharrei nola erantzun aztertzeko. Bergararrek nola lagundu dezaketen ere aztertzen ari dira, eta epe laburrean egingo zaie herritarrei deialdiren bat.

Bergarako Udal Gobernuaren ustez tragedia humano honen aurrean ezin dugu beste alde batera begiratu. Guztia galduko duten herritarrak izango dira, zaurituko direnak, hilko direnak. Haur eta gazte belaunaldi bat betiko markatuko du gerrak. Eta Europako gainerako herritarrengan ere une honetan pentsa ezinezko ondorioak ere ekar ditzake, gerra bat nola hasiko den aurreikusi baitaiteke, baina inoiz ez nola amaituko den.