Otsailaren 24an gerra hasi zenetik hango herritarren, eta bereziki Bergararekin lotura dutenen egoera gertutik jarraitzen ari da Bergarako Udal Gobernua. Ukrainar jatorriko hainbat pertsonarekin eta Txernobil eta Txernobilen Lagunak elkarteetako Bergarako boluntarioekin hainbat bilera egin ditu haien beharrak jaso eta bideratzen laguntzeko. Asteon bi elkarteetako boluntarioekin bergararrei laguntzarako deialdia egin diete.

Ukrainatik atera nahi duten pertsonentzat lehenbailehen giza korridore seguru bat irekitzea, eta laguntza ekonomikoa eskatu dituzte bi elkarteek. Txernobil elkarteko boluntario Esther Linazisorok eta Txernobilen Lagunak elkarteko Amaiur Sainz boluntarioak egin dute deialdia Ainhoa Lete jarduneko alkateak eta Aitor Aranzabal zinegotziak lagunduta.

1996an sortutako Txernobil elkartearen eta 20 urte baino gehiagoko ibilbidea duen Txernobilen Lagunak elkartearen helburuak erabat aldatu dira otsailaren 24tik. Txernobilgo haurrei udan opor osasuntsuak eskaintzea izan da orain arte izan duten helburua. Uneon, berriz, gerrak eragindakoak arintzeko laguntza bideratzea, bai bertan daudenei zein hona etortzen direnei ere. Horretarako giza korridore humanitario seguruak zabaltzea eskatu dute, eta dirua biltzeko kanpainak abiatu dituzte.

Ainhoa Letek azaldu duenez, "Bergarara etorri diren pertsona guztiak artatu ditugu, eta harreman zuzena dugu haiekin. Jaurlaritzaren zerbitzuetara ere bideratu ditugu; gerra baten aurrean gaude eta egoera oso aldakorra denez, gertuko jarraipena ari gara egiten". Bergarara etorri diren haurrak eskolaratzeko laguntza eman die Udalak, adibidez. Une honetan heldu diren pertsonen beharrak bete direla ere esan du Letek, “momentuz heldu diren pertsonak bertan kontakturen bat dutela etorri dira, beraz, oinarrizko beharrak bermatuta dituzte”.

Ukrainara produktuak bidaltzeko zailtasunak daudenez (kamioiren bat bidaltzea lortu bada ere) dirua biltzeko kanpaina berezia abiatu dute eta bergararrei ekarpenak egitea eskatu diete, kontu korronte hauetan: ES62 2100 6491 1222 0003 6970 (Txernobil elkartea) eta ES36 2095 5029 1410 6222 9843 (Txernobilen Lagunak elkartea). Eskerrak ere eman dituzte bergararren aldetik jasotzen ari diren laguntzagatik.
Zalantzak argitzeko telefono zenbaki hauek ere jarri dituzte: 670 41 90 78 (Txernobil elkartea) eta 689 58 62 77 (Txernobilen Lagunak elkartea).