Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Iraunkortasuneko Sailburuordetzaren ebazpena jaso du Bergarako Udalak apirilaren 8an. VALOGREENE PAPER BC, S.L enpresari Ingurumen Baimen Bateratua eman diola jasotzen du idatziak.

Bergarako Udalak gai horri lotuta azaroaren 22an bidalitako alegazioei ez zaie erantzuten. Alegazioetan, laburbilduz, esaten zen: indarrean dagoen Plan Orokorrak ez duela jasotzen hondakinen kudeaketarako azpiegitura erabilera, eta beraz, ez dagoela Larramendi industrialdeko H partzelan onartuta. Bestetik, hondakinen kudeaketaren erabilera ere ez dela bateragarria, erabilera osagarri bezala onartuta dagoelako, baina ez erabilera nagusi bezala.

Eta, halaber, ez du aintzat hartzen Bergarako hiri ordenamenduak dioenari jarraituz emandako kontrako hirigintza bateragarritasun txostena ere.

Idatziak jasotzen duenez, “ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin da, eta Ingurumen Baimen Bateratua eman zaio VALOGREENE PAPER BC, S.L.-ri, Bergarako Larramendi industrialdeko H partzelako instalazioan Kalkare-materialaren ekoizpenerako”.

Aitzitik, 2021eko azaroaren 8an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, jarduera “Bergaran arriskutsuak ez diren hondakinak kudeatzeko jardueraren ingurumen-baimen integratua” kontzeptuarekin argitaratu zen.