Lurzoruaren okupazio publikoaren ordenantza berritzeko prozesuaren barruan bilera irekia egingo du Bergarako Udalak ostalari, merkatari eta herritarrekin. Udaletxeko osoko bilkuren aretoan izango da, apirilaren 26an, 20:00etan.

Martxoaren amaieran jakinarazi zen moduan, indarrean dagoen ordenantzarekiko hainbat aldaketa proposatzen ditu berriak, esaterako, orain artekoak ostalaritzaren okupazioa arautzen zuen, berriak, berriz, merkataritza establezimenduen okupazioa ere arautuko du. Espazioaren okupazioa zonaka sailkatu da 3 gunetan: erdigunea, ingurua eta auzoak. Tasa ere zonaka ezarriko da. Bestetik, urteko baimena eskatu beharrean, hasieran eskatu eta bertan behera lagatzea eskatu arte indarrean egongo da.

Hilabete honetan, eta proposamena publiko egin aurretik, udalbatzako alderdiek Gobernuak egindako proposamena landu dute. EAJ-PNVrengandik jasotako ekarpenak aztertuta, hainbat erabaki hartu ditu Bergarako Udal Gobernuak, eta ekarpen batzuk txertatu ditu.

Jasotako ekarpenetako batek eskatzen du elementu finkoak jartzea, ez da onartu, ordea, edozer behar dagoela lurzorua erabiltzeko aukera mugatuko luketelako elementu finkoek. Aitzitik, terraza tabernatik kokatu behar den espazioa 30 metrotik 35era handituko da. Bestetik, Terrazetako altzarietan CE marka eskatuko da, ez, ordea, merkatariek ateratzen dituzten altzarietan, askotan arotzek edo norberak egindakoak izaten baitira.

EAJ-PNVk proposatu bezala, erakustokiak jartzeko aukera establezimendu mota guztiei emango zaie.

Arlo administratiboari dagokionez, hasierako proposamenean, eskaera egiten denetik Udalaren erantzuna 2 hilabetera ematea jasotzen zen. EAJ-PNVk 15 eguneko epea proposatu zuen, eta Gobernuak erabaki du hilabete epea ezartzea, izan ere, kasu batzuetan terrazaren egituraren azterketa egin behar izaten da, eta 15 eguneko epean ez litzateke egingarri.

Beste aldaketa bat da auzoetako merkatariek erakustokiak jartzeagatik ez dutela tasarik ordainduko, tabernariek, aitzitik, bai.