Bergarako Udalak Bergarako Zaintzen Ekintza-Plana osatzeko prozesua abiatu du. Lehen urrats gisa, Bergarako hainbat talde eta elkarteekin saio bat egingo du. Saioa uztailaren 19an, asteartea, 18:30ean izango da Udaletxeko Pleno Aretoan.

Gai konplexua da zaintzarena, ertz askokoa eta herritar guztioi eragiten diguna. 2020an egin zen Bergarako zaintzen diagnostikoari berriro ere heldu nahi zaio honenbestez, identifikatutako beharrei modu kolektiboan eta ikuspegi komunitario batetik erantzunak pentsatu eta ekintzetara pasatzeko.

Ildo horretan, zaintzan dabiltzan pertsonen bizipenak ezagutzea garrantzitsua izango da, horregatik, bakoitzak zaintzaz ulertzen duena, errealitate ezberdin bakoitzetik identifikatzen diren behar eta erronkak ezagutzea... izango da bileraren helburua.

Arloan dabiltzan elkarteei gonbidapen zuzena egin die Udalak, baina gaiarekin interesa izan dezaketen talde, elkarte edo pertsonei ere zabaldu nahi die deialdia. Saioa egoki antolatzeko, aurrez parte-hartzea ziurtatzea eskatzen da. Hori Berdintasun sailarekin harremanetan jarri egin daiteke, telefonoz (943 779 100, luzapena 1218) edo emailez (berdintasuna@bergara.eus).

Prozesuak irauten duen bitartean parte-hartzerako espazioak egongo dira, eta bertara gonbidatuko dira elkarteak eta herritarrak.