Amaia Agirianok ‘Adimen gaitasun handiko haurrak ezagutzen’ izenburupean hitzaldia emango du irailaren 22an, 18:00etan, Seminarixoa aretoan. Hitzaldiaren helburua da adimen gaitasun handiko haurren berezko ezaugarriak ezagutaraztea, haien identifikazioan, eta garapen orekaturako behar duten arreta egokia ematerakoan lagungarri izateko.

Bergarako Adimen Gaitasun Handien Guraso Taldeak sustatuta antolatu du hitzaldia Bergarako Udalak. Hitzaldiak iraun bitartean haurrentzat zaintza zerbitzua egongo da. Zerbitzu hori erabiltzeko aurrez izena eman beharko da, irailaren 19ko 20:00ak baino lehen, gazteria@bergara.eus helbidera idatzita.

Bergarako Hezkuntza Mahaia egiten ari den lanaren barruan kokatzen da ekimena. Mahai horren barruan bi talde sortu ziren, gai banaren inguruan. Bata segregazioaren gaiaren inguruko lanketa egiteko Bergaran eta bestea Gaitasun handien inguruko lanketa egiteko.

Gaitasun handien inguruko lan taldean bi modutan jorratu da gaia. Batetik, irakaskuntzako profesionalekin. Bergarako Aranzadi, Ipintza, Mariaren Lagundia eta San Martin ikastetxeko irakasleek parte hartu dute, eta urrirako herriko ikastetxe guztiei zuzendutako formakuntza antolatu da gaitasun handien inguruan. Espezifikoa, adin tarte bakoitzari egokitutakoa eta aberastasun curricularrera begira egongo dena.

Bestetik, gurasoekin. Herriko guraso batzuk elkartu dira adimen gaitasun handien inguruko lanketa egiteko. Haien asmoa herri mailan kolektibo hau ikusaraztea da, baita, guraso moduan formakuntza jasotzea, familien arteko topagune izan eta seme-alabentzat ekintzak antolatzea.