Azaroaren 25eko Emakumeenganako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunaren testuinguruan hainbat ekimen antolatu dira Bergaran. 

Egunean bertan egingo direnez gain, garrantzia berezia eman nahi dio Udalak gaztetxoekin egindako lanketari, Berdintasun zinegotzi Ainhoa Letek azaldu duenez: “Edozein gairen inguruan egiten diren Nazioarteko egunen testuinguruek aukera ematen dute aldarrikapenak egiteko, gaiak bisualizatzeko, baina baita lan pedagogikoa eta kontzientziazio lana egiteko ere. Eta bereziki interesgarria iruditzen zaigu etorkizuneko bergararrak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean heztea, horregatik, herriko ikastetxeak lanketa honetan inplikatu izana nabarmendu nahi dut”.

Bergarako Berdintasun Kontseiluak, Martxanterak talde feministak, Duintasunak eta Udalak antolatu dituzte jarduerak. 

Lehen ekimena, aurreko urteetan bezala, ikastetxeetan gauzatu da. Sentsibilizazio ekintzak egiten ari dira herriko ikastetxeetan. Irudi eta lelo bateratua adostu da jasotako proposamenen artean lehiaketa bitartez. Aurtengo leloa “Eskola morea, etorkizun hobea” da. Itsasgarriak egingo dira lelo horrekin eta hautatutako irudiekin. Ikastetxeetan gaiari lotuta egindako ekimenekin bideoa osatuko da. 

Azaroaren 25ean, 19:00etan, San Martin plazan, elkarretaratzea-kale ekintza egingo da Martxanterak talde feministak antolatuta. 

Azaroaren 28an, 12:00etan, berriz, San Martin plazan hau ere, emakume helduenganako indarkeria salatzeko elkarretaratzea egingo da Duintasunak antolatuta. 

Abenduaren 15ean, 18:00etan, UNEDen, Nerea Barlojak ‘Sexu izuaren eraikuntza’ hitzaldia emango du, Martxanterak talde feministak eta Udalak antolatuta. 

Bergarako Berdintasun Kontseiluak ekimenetan parte hartzera gonbidatzen ditu bergararrak. 

Eranskinak: 
Arloa: