2022. urteko Gabonetako erakusleiho lehiaketan parte hartu duten hamar merkataritza establezimenduen arteko irabazleak hautatu, eta gaur, abenduak 20, jaso dituzte sariak Ainhoa Lete alkate orde eta Sustapen ekonomikorako zinegotziaren eskutik. Sari guztiak Bergarako komertzioetan gastatzeko bonoetan eman dira. 

'Izeder eskulanak' izan da irabazle nagusia. Banatutako lau sarien artetik bi jaso ditu. Lehen saria (Ziurtagiria eta 350€) eta herritarren saria (Ziurtagiria eta 50 €). www.bergara.eus webgunearen bitartez 313 herritarrek eman dute botoa abenduaren 13a eta 18a bitartean, eta horietatik 124k hautatu dute Izederreko erakusleihoa. 

Bigarren saria Gorosti lore dendak jaso (Ziurtagiria eta 300€) eta hirugarrena Mirari arropa dendak (Ziurtagiria eta 200€).

Epaimahaia Herritarren Batzordeak, Bergarako merkatarien Bedelkar elkarteak, Beart Bergarako arte elkarteak eta Gipuzkoako Bazkundeak izendatutako pertsonek osatu dute. Sariak ematerakoan, kontuan hartu da publizitate-mezuaren imajinazioa, originaltasuna, argiztapena, berrikuntza eta eraginkortasuna, erakusleihoaren kalitatearekin batera.