Maiatzaren 26tik 30era bitarte egingo dira aurten Pentekoste jaiak. Hainbat eragilek eta norbanakok egindako lanari esker askotariko ekitaldiekin osatu da aurten ere egitaraua.

Gorka Artola alkateak egitarauaren aurkezpenean esan duenez, “aurtengo jaiekin ere, aisiarako eta gozamenerako tartea eskaintzearekin batera, kulturaren aldeko apustua egin dugu. Aurretik esan izan dut Bergara herri bizia izan dadin nahi dugula, parte-hartzailea eta aberatsa. Eta kulturak herri bat aberats egiten du. Urte osoan sustatu ditugu kultura ekimenak, eta baditugu uneak horiek modu trinkoan gozatzeko, Pentekosteak, esaterako. Uste dugu kultur sorkuntzan ekarpen handia egiten duela Bergarak, eta jendeak gogotsu erantzuten duela. Beraz, badagokigu hori eskaintzea”.

Iaz bezala, aurten ere Txaranga eguna izango da jaietarako iragarle. Larunbat honetan, maiatzak 13, egingo da. ‘Txaranga bizitza da’ leloa erabiltzen du ekimenak, eta Artolak herritarrei bizitza gozatzeko deialdia egiteko baliatu du.

Ekimen guztiak antolatzen aritu diren pertsona guztiei ere eskerrak eman dizkie Alkateak. Bi aipamen berezi ere egin nahi izan ditu.

Batetik, aurtengo jaietan omenduko den kolektiboa osatzen duten pertsonak izan ditu gogoan. “Zaintza lanetan aritzen diren pertsona anonimo horiei guztiei egin nahi diegu aitortza. Izan horri izena ere jarri. Gehienetan emakume aurpegia du zaintzak, eta aitortza egin nahi diegu, jaietako espazioa ere baliatuz. Udalean ari gara gai horren inguruan lanean. Egin berri den planean bisualizazio beharra aipatzen da, eta hau horretarako une bat izango da. Txupina botatzeko ardura haiena izango da”. Datozen egunetan emango ditu Udalak honi buruzko xehetasunak.

Bestetik, Xaxau konpartsa ere zoriondu du Artolak, izan ere, 15. urteurrena ospatzen ari da. “Jai eredu jakin baten aldeko apustua egin zen orain dela 15 urte, jai herrikoi eta parte-hartzaileen alde, alegia, eta hori, urtez urte Xaxau konpartsak gauzatu du herriko jaietan ekarpen handia eginez. Herriko gazteak herriarentzat ekarpenak egiten ikusteak pozgarria da, eta eskertzekoa. Beraz, zorionak Xaxau, 15. urteurrenagatik, eta eskerrik asko egiten duzuen ekarpenagatik. Eta espero dut gutxienez beste hainbat urtez gazteek zuen ekarpenarekin gozatzeko aukera izan dezaten”, esan du Gorka Artolak.

Xaxau aipatuta, txosnagunea ezinbestean aipatu beharreko elementua da. Zubieta eta Masterreka kaleko lanak amaituta, ohiko kokalekura, Bideberrira, itzuliko da aurten.

Ainhoa Lete Alkate ordeak azald duenez, barrakak ohiko gunean kokatuko dira. Maiatzaren 24an jarriko dira, eta ekainaren 6an desmuntatuko dituzte. “Bergara herri inklusiboa izan dadin lanean ari gara, eta bide horretan barrakei lotuta neurri bat ere hartu dugu, iaz bezala, behar bereziak dituzten herriko eta inguruetako haurrek ere ferian gozatu dezaten, Gautena elkartearekin horrela adostuta, jaietako igande eta astelehenean (maiatzak 28 eta 29) 17:00-19:00 ordutegian, ferietan ez da musikarik jarriko. Horrez gain, ferien arduradunei eskatu zaie ilara egiten baldin badago premia bereziak dituen umeren bat, lehentasuna eman diezaiotela ilaran beti”, esan du Letek.

Hilabeteetako lanaren emaitza da egitaraua, eta elkarlanean osatutakoa, gainera. Herriko norbanako eta eragile askok hartu du parte aurtengo Pentekoste jaietako egitaraua prestatzen, izaera askotarikoak, eta emaitza ere halakoa izan da. Kultura, kirola, gastronomia, musika eta beste hainbat jasotzen ditu egitarauak. Adin eta gustu guztietako pertsonek lekua izan dezaten saiatu da Jai Batzordea.

Horietako batzuk dira:

  • Mokoloblock topaketa. Aurten 2. aldiz egingo da Bergaran. Maiatzaren 28an, 18:00etan San Martin plazatik hasita. Izen-ematea aurrez egin beharko da, maiatzaren 12ra arte, www.bergara.eus helbidean. Informazio gehiago Udalaren webgunean dago.
  • Herri bazkaria: aurten 3 aukera egongo dira: Orokorra, beganoa eta zeliakoa, 15 euroan. Txartelak seminarixoa.eus webgunearen bitartez eskuratu daitezke.
  • Maiatzak 27, larunbata: 11:30 Erraldoien gunea San Martin plazan: erraldoien erakusketa, gomazko erraldoien erakusketa, palomita-makina, erraldoien liburuxka umeek margotzeko, umeentzat puzgarria... Antolatzailea: BET elkartea. Ondoren kale-jira egingo dute, eta baita arratsaldean ere:, Castellongo Burrianan, Sestao, Buztintxuri, Deustuko Ondalan eta Bermeoko Kieb taldeak. Ibilbidea: San Martin plaza, Bidekurutzeta, Ramon M. Lili, Ibargarai, Irizar, Kruz Gallastegi, Bideberri, Fraiskozuri, Herrilagunak, D. Irala, Barrenkalea, San Martin plaza.

 

KONTZERTUAK:

Maiatzak 26, ostirala, 23:00etan, Delirium Tremens taldea San Martin plazan.

Maiatzak 27, larunbata, 23:00etan, JMartina taldea San Martin plazan.

Maiatzak 28, igandea, 21:30ean, Goxua’n salsa taldea San Martin plazan.