Irailaren 9an ospatuko den San Martin ferian postua lortzeko epea ireki du Bergarako Udalak, eta, horretarako, ekoizleek izena eman beharko dute uztailaren 21era arte. Aurrez aurre (txanda hartuta) ala Internet bitartez eskatu ahalko dira postuak, eta horretarako hurrengo loturan eskatzen den dokumentazio ezberdina aurkeztu beharko da: https://labur.eus/mattI

Gehienez 48 postu jarri ahal izango dira, eta feriak bi kokagune izango ditu: alde batetik, San Martin plaza barazki, fruta eta gazta ekoizleentzat bideratuko da. Hauekin batera Odolostea dastatzeko postua ere egongo da. Bestetik, berriz, Seminarioko patioan gainontzeko produktuen saltzaileak kokatuko dira eta patioan bertan ere Talo postua jarriko da.

Udalak postuak banatu eta antolatuko ditu. Udalak jarritako postua ustiatzeko baimena lortzen dutenek 2 metroko postu bana izango dute. Dena den, eskaeran postu gehiago eskatu ditzakete eta, postu libreak baleude eta, egoki irudituz gero, udalak postu handiagoak baimentzea erabaki ahal izango luke.

Dena den, eta kontuan izanik feriaren ezaugarrietako bat dela barazki, fruta eta gazta lehiaketa, lehiaketara aurkezten direnek lehentasuna izango dute postua adjudikatzeko orduan.

Erabakitzeko epea hilabete ingurukoa izango dela aurreikusi dute udaleko arduradunek. Eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, udalak onartutako eta baztertutako eskatzaileen behin behineko zerrenda prestatuko du eta 2023ko uztailaren 26ean web-orrian argitaratuko du, erreklamazioetarako edota falta den dokumentazioa aurkezteko 5 eguneko epea emanez.

Erreklamazioak edo aurkeztutako dokumentazio osagarria aztertu ondoren, udalak onartutako eta baztertutako eskatzaileen behin betiko zerrenda prestatuko du eta weborrian argitaratutako du abuztu bukaeran.