Bergarako Udala-k Og, 2025-04-24 09:51-n bidalia
Bergarako Udalak bi laguntza-lerro jarri ditu martxan 2025ean herriko ekosistema ekonomikoa sustatzeko: alde batetik, enpresa berriek lokalen alokairurako laguntzak (20.000 euro), eta bestetik, Eragin programa, Bergaran kokatuta dauden edo kokatu nahi duten enpresentzat (30.000 euro). Guztira, 50.000 euroko aurrekontua bideratuko da.
Alokairurako laguntza berritzaileei bultzada emateko:
Programa honek enpresa berrien jarduera abiatzeko lehen urratsa erraztea du helburu, batez ere hutsik dauden lokalak berreskuratzeko, eta belaunaldi arteko erreleboari laguntzeko. Bergaran jarduten duten edo jardun nahi duten enpresek jaso ahal izango dute laguntza hau, baita jarduera eskualdatu duten enpresek ere, betiere 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuak badira.
Eragin programa: Bergaran errotutako enpresentzat
Bigarren dirulaguntza-lerroak jarduera ekonomikoa mantendu eta indartzea du helburu herriko merkataritza eta industria guneetan. Honako baldintzak bete behar dira laguntza hau eskatzeko: lantokia Bergaran egotea, baita egoitza soziala eta fiskala ere; zerga eta gizarte-segurantzako betebeharretan egunean egotea; eta sexuaren ziozko diskriminaziorik ez egotea, besteak beste.
Interesdunek eskaera egin dezakete Bergarako Udalaren erregistro elektronikoaren bidez.
Oinarri guztiak eta informazio zehatza eskuragarri daude udalaren webgunean: www.bergara.eus/eu/dirulaguntzak