Irekiera ofiziala irailaren 25ean izango den arren, uztailaren 30etik aurrera jada Simon Arrieta margolariarekin ikasi zutenen edo honen aholkuak entzunez, norberaren teknika piktorikoa hobetu zutenen erakusketa ikusi ahal izango da Laboratorium gizarte museoan.

Bergarako ondare artistikoaren ostatu izango da Laboratorium bi hilabetez

Simon Arrieta jaio zeneko mendeurrena betetzen den honetan, herriko pintore batzuek margolari ospetsuaren omenezko erakusketa antolatu nahi izan dute, pintura-lanbidea eta pintura irakasten erakutsi zielako. Guztiek izan zuten bere kultur-sustatzaile jokabidea edo egiteko modua barneratzeko aukera neurri batean edo bestean. Eta horregatik orain, beraiek barneratutako artearenganako interes hori bera zabaltzen jarraitu nahi dute beraien lanekin.

Era berean, Miguel Anjel Elkoroberezibarrek XVIII. mendetik gaur egun arte, Bergarako marrazki eta arte eskolen inguruan burututako ikerlanaren inguruko laburpena ere eskainiko da erakusketan.

Horrenbestez, erakusketa honetan iragana eta etorkizuna uztartuko dira, Simon Arrietak emandako aholku artistikoak, erakutsitako teknikak eta emandako gomendioak egungo lanetan islatuta ikusiko baitira. Eta ze leku hoberik Laboratoriuma bezelako gizarte museo bat baino iragana eta etorkizuna uztartzeko.

Laboratorium museoaren filosofiarekin bat eginez

Museologia berriaren filosofiarekin bat eginez, Laboratorium ez da soilik Bergarako ondarearen bilduma baliotsuak erakutsiko dituen museo soila izango. Gizarte museoa den einean, inguruko ondare kultural eta naturalak tarteko, jarduera programa bat izango du.

Horrela, iragana aztertuz, oraina ulertzeko eta etorkizunari ateak zabaltzeko, diziplina aniztasuna izango da gizarte museoak eskainiko duen berezitasun nagusienetako bat. Museoaren diskurtsoaz gain, hausnarketak, galderak eta eztabaidak sorrarazi nahi dira Zientziaren, Ingurumenaren eta Ondarearekin zerikusia duten gai eta arazoen aurrean espiritu kritikoa lantzeko.

Laboratorium gizarte museoak berak jasota duen ondarearekin eta lurraldeko ondarearekin, gizabanakoaren bizitza zein gizartea baldintzatzen duten gaien inguruko hausnarketa eta gogoeta tailerra edota laborategia izatea du xede. Hau guztia, testuinguru sozialaren, kulturalaren eta naturalaren bilakaera kontuan hartuz. 

Irailak 25ean, irekiera ekitaldi ofiziala

Uztailaren 30etik urriaren 4ra bitartean aldi baterako erakusketa zabalik egongo da eta erakusketa ikustera joaten diren bisitariek museoko erakusketa iraunkorra ikusteko aukera ere izango dute. Irekiera ekitaldi ofiziala irailaren 25ean bada ere, erakusketa iraunkorra zabalik izango da, azken prestaketa lanak egiten diren bitartean.

Horrela, irailaren amaieran Laboratorium gizarte museoaren aukezpen ofiziala egingo da eta erakusketez gain, gizarte museo bezela izango dituen lan ildoak ere aurkeztuko dira.

 

ERAKUSKETAKO DATAK ETA ORDUAK:

Erakusketa 2015eko uztailaren 30etik urriaren 4a arte izango da zabalik, Laboratorium gizarte museoaren aldi baterako erakusketa gelan.

Ordutegia:

Astelehenetik larunbatera 10:00–14:00 eta 16:00–19:00

Igandetan 10:00–13:00

Arloa: