Zaborra sortzea ekidin dezakegu!

Hondakin bilketa selektiboaren atzean dagoen filosofia Zero Zabor filosofia da. Hau da, sortzen ditugun hondakinak ez daitezela zabor bilakatu baldin eta, birziklatuz, beraien bizitza zikloa luza badezakegu.

Hondakinak baliabide garrantzitsua dira

Askotan nahasten diren kontzeptuak dira hondakinak eta zaborra eta askok gauza bera izango balira bezala erabiltzen dituzte. Baina hori ez da horrela: zaborra hondakinak nahastean sortzen da.

Honela bada, birziklatzeko jasotzen diren hondakinak ez dira zaborra, baliabide garrantzitsua baizik. Hain zuzen, balio ekonomikoa dute: 2011n esaterako, 469.643 euroko diru-sarrera izan zuen Debagoieneko Mankomunitateak papera, kartoia eta ontzi arinak salduta.

Hondakinak zabortzat jotzea aldiz, oso garestia da: urte berean, 2011n, nahasian bildutako zaborrak 2.165.663 euroko gastua eragin zuen.

Hala ere, kostua ez da ekonomikoa bakarrik: materialak zabortegira botata lehengai baliotsuak galtzen dira naturaren kalterako, izan ere, horrek esan nahi du lehengai berriak ustiatu beharko direla (papera eta metalaren kasuak, adibidez) edota natura kaltetzen duten prozesuak jarraituz "bir-sortu" beharko direla (plastikoak edo beirak kasu).

Zer da errefusa?

Errefusa birziklatu ezin daitekeen material inorganikoa da, ondorengo hondakinek osatzen dute: etxeko hautsa, zigarrokinak, plater eta edalontzi hautsiak, boligrafoak... baita konpresa, preserbatibo eta pixoihalak ere.

Hondakinak biltzeko sistemak eragin zuzena du sortuko den errefusaren kantitatean, behean azaltzen den grafikoan ikus daitekeen bezala:

Grafikoa

Atez atekoarekin ia hondakin organiko guztia gaika biltzen denez, kantitate hau hondakinen %10 baino baxuagoa izan ohi da eta nahiz eta organiko kantitate txikia izan ezin daiteke bere horretan inerteentzako zabortegira bota.

Batetik ikerketa bultzatu beharko litzateke, zabor hori zergatik sortu den eta nola minimizatu daitekeen aztertzeko. Bereizketa mekaniko bidez, errefusean egon daitekeen material birziklagarri apurra sailkatu beharko litzateke, eta azkenik izan dezakeen material organikoa egonkortzeko tratatu. Egonkortu ondoren, inerteentzako errefusategi batetan utzi daiteke. Honek, zabortegi kutsakorrek ez bezala, ez luke kiratsik izango, ez gas isuririk ezta lixibiatu kutsakorrik ere.

Esan bezala ezagutzen diren sistemen artean atez atekoa bilketa selektiboarekin soilik lortu daiteke errefusaren kantitatea %10era murriztea.