Debagoieneko Mankomunitateak aro berri bati ekin dio gobernantza eredu eta irudi korporatibo berrituarekin

Debagoieneko Mankomunitateak ekitaldi publikoa egin du astearte eguerdian Aretxabaletako Ideienean, erakundearen norabide estrategiko berria eta irudi korporatibo berritua ezagutzera emateko. “Herriz herri. Aurrez aurre” lelopean, Mankomunitatearen aro berria iragarri dute, eskualdeko gobernantza eredua eraldatzeko apustua berretsiz, lankidetza publiko-komunitarioa eta gertutasuna ardatz hartuta.

Bergarako Udalak Odol Emaileen Elkartearen ikurra jarri du udaletxean, odol-ematearen garrantzia azpimarratzeko

Pasa den asteburuan, Bergarako Udalak, Odol Emaileen Elkartearekin elkarlanean, elkartearen ikurra udaletxeko balkoian jarri zuen, odol-ematearen garrantzia azpimarratzeko eta herritarren elkartasuna agerian uzteko.

Odol Emaileen Elkartearen helburuaosasun sistemarako ezinbestekoak diren odol-erreserbak beharrezko gutxieneko mailen gainetik mantentzea da. Elkartetik gogorarazi zutenez, odola ezin da fabrikatu: “Herritarren borondateari esker bakarrik lor daiteke”. Hori dela eta, asteburuko ekimen honekin, odol-emaileen eskuzabaltasuna eta konpromisoa aitortu nahi izan dira.

“Elebakartasun garaiak” liburua, eskuragarri online

Juantxo Madariagaren Elebakartasun garaiak lana dagoeneko online eskuragarri dago, euskaraz eta gaztelaniaz, interesdun guztientzat. Liburuak Bergarako euskararen historia soziala aztertzen du, XVII. mendearen erditik 1876. urtera arteko aldia ikergai hartuta.

Egileak dokumentazio historiko zabala baliatu du garai hartako hizkuntza-errealitatea aztertzeko, eta Bergarako gizartean euskarak izan zuen presentzia eta bilakaera ezagutzeko ekarpen garrantzitsua egiten du lanak.

Bergara etxebizitza merkatu tentsionatutako eremu izendatzeko eskaera onartu du Jaurlaritzak

Bergarako Udalak eskatuta, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak hasiera eman dio Bergarako udalerria bizitegi merkatu tentsionatuko eremu izendatzeko prozedurari. Prozedura abiaraztea 2026ko otsailaren 3an egindako eskaeraren ondorioa da; izan ere, egun horretan Bergarako Udalak formalki eskatu zion Eusko Jaurlaritzari udalerria eremu tentsionatu gisa izendatzeko izapideak hastea, herrian etxebizitzaren arloan antzemandako egoerari erantzun egituratua emateko helburuarekin.

Orriak